GARA > Idatzia > > Kultura

Hogeita hiru taldek elkartasun doinuz beteko dute Sakana Hatortxurockeko X. edizioan

«Inoiz baino gehiago», elkartasun festa izango den edizioan, Hesian, Koma, Kaotiko, Etsaiak, Piperrak, Banda Bassoti, Habeas Corpus edota Obrint Pas taldeak igoko dira oholtzara, ekainaren 19, 20 eta 21ean.

Odeia AIESTARAN | IRUÑEA

Atzokoan Hatortxurockek 9,5. edizioa ospatu zuen urtero legez eta hasiera batean hamargarren edizioaren aurrekoa «zerbait txikiagoa» egitea espero bazuten ere, harrera arrakastatsua izan zuen. Honen ondoren, jaialdiaren urteurren borobila ospatzeko, hain zuzen ere, hamar zenbakidun festa antolatu dute ekainaren 19, 20 eta 21ean Nafarroako Sakanan; «oso berezia» izango den festa.

Atzo Endika Alonso antolatzaileak adierazi zuen eran, ekainean hogeita hiru talde igoko dira oholtza gainera, besteak beste, Berri Txarrak, Koma, Hesian, Kauta, Deabruak Teilatuetan, Zea Mays, Kaotiko, Habeas Corpus, Obrint Pas, Doctor Deseo, Deskontrol, Etsaiak, Piperrak eta Lehendakaris Muertos. Horien guztien ordezkari, aurkezpenean izan ziren Hesian eta Koma taldeko kideak eta euren esanetan, «Euskal Herriak bizi duen errepresio egoera larrienaren aurrean» eurek musika dute borrokarako tresna. Gainera, «herriak herriarentzat» eginiko jaialdian parte hartzea ohore handia dela adierazi zuten. Bestalde, Alonsok azaldu zuenez, baliteke aipatutako taldeekin osatutako musika eskaintzari, beste batzuk ere gehituz joatea datozen egun edota asteotan.

Jaialdian, halere, ez da soilik musika izango. Alonsok esan bezala, «Euskal Herrian dagoen elkartasuna» erakusteko eta «honek bere lekua» izan dezan, hainbat ekintza izango dira asteburu osoan: erakusketak, hitzaldiak, tailerrak... Bertara inguratuko direnak ahalik eta ondoen egoteko gune aproposak jarriko dituztela ere aipatu zuen. Hala, oraingoz guztiz zehaztuta izan ez arren, gune ugari prestatuko dituztela iragarri zuen Alonsok, hala nola kanpalekua.

Ahalegin berezia

Euskal preso politikoekiko elkartasuna lau haizetara zabaltzea sekula baino garrantzitsuagoa dela gaineratu zuten antolatzaileek, eta gaur egungo egoerak «ahalegin berezi bat» egitera behartzen dituela nabarmendu zuten.

Hatortxurocketik ateratako etekina dispertsioak eragiten dituen gastuei aurre egiteko erabiltzen dela jakinik eta presoen kopurua «maximo historikoetara» heldu dela ikusirik, ezinbestekotzat jo zuten X. edizioak ere dimentsio erraldoia hartzea. Nabarmendu zuten, halaber, jaialdia ehunka lagunen lanari eta musikaren alorrean dabiltzanek hartutako konpromisoari esker aterako dela aurrera. Elkartasun mezuak, beraz, ozen entzungo dira Sakanan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo