Julen MURGOITIO
Gaza, gasa, gatza
Minetan hasi naiz urtea. Gazaminez hasi ere. Lur iraunkorrera joan berri den kantaria gogoan: gaza, giza, goza... Berben nahasketa dabilkit buruan. Gizateriako gizarteen gizabidea ez da gizatiarra, gizabanako askoren gizabidea gizagabea baita. Gaur planeta honetan benetako gizateria balego gazateria izango litzateke; bere gizarteko gizabanakoek gazabideaz jardungo lukete, gazatiar. Baina, gaur gaurkoz, ez da horrela, ezta urrun eman ere. Gizahiltzaileak gazahiltzaile bihurtu dira, ostera ere, garatua omen den munduaren euskarri, sostengu, berme eta gozamen etikoaz, berriro ere. Garapen madarikatua! Etika madarikatuagoa! Inoiz ez bezala ageri zait tasun eta keriaren arteko aldea, indarraren erabilpenaz nagoela; erreferentzia guztiek non eta noiz zehatza dutela onartuta ere. Gazamina, bai. Hipokresia da gaur gaurkoz krisian ez dagoen bakarra. Zauri itzelak eragiten dihardute Gazako gazaterian, lurrez eta airez zibilak militar hartuta; eta horren aurrean «bakea» berba hizkeraren ohiko komodina duten horiek, armetan krisirik gabeko dirutza su-etenik gabe inbertitzen duten horiek beroriek, zauria ezkutatzea dute lehentasuna, horren gainean gasa ipiniaz, Gazako zauriak gasaz ezkutatzerik balego bezala. Euren etikan hobe zauria estali zauriaren min-minekoa sendatu baino. Utikan etika!
Mundu garatuko Europak badu egun bere burua aurrez aurre ikusteko ispilu beharrezkoagoa Gazakoa baino. Gasekoa, izan ere. Europa ofizialari ez dio ardura kanpoan eta barruan sortzen dituen zauriei begiratzeak, bai zera! eta begiratuta ere badu gasa horiek ezkutatzeko; bere begiak ekialdera begira ditu orain jarrita, behar duen bestelako gasa handik dakarten gasbideei begira. Hau kolpea! kanpoko gasik ezean barruan ezer bero ez. Gasa-minaz bizi da egun Gazamina inoiz ere sentitu ez duen Europa garatua. Zer gara gu? garatuak gara gu... omen. Hotza sentitzen hasiak dira Europako ekialdeko periferiako bazterretan; lastima hotza ez duela erdiak berak luze sentituko! ganora suspertzeko abiapuntua izango litzateke hori, hotzak han-hemengo guztiok berdintzen gaitu eta. Hotza ere Kantauri aldeko izen handiko hirietan. Hotza airean eta izotza zementuan. Eta gatzik ez, behar bestean behintzat, kaleetarako; sukaldaritza berrian, ordea, sobera. Agintari asko gatzgabekoak diren seinale. Gustua hartua diote beroketa globalari, nonbait.