GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Elkarrizketa eta konponbide eske milaka lagun bildu dira Azpeitian

Ezker abertzaleko alkate eta hautetsiei babesa emanez milaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Azpeitian, «Konponbidea orain, Euskal Herriaren hitza errespetu» lelopean. Errudunak bilatzen aritu beharrean, gatazka politikoari amaiera emateko konponbideak bilatzeko deia egin zuten ezker abertzaleko ordezkariek. Argi utzi nahi izan zuten, bestalde, «zentsura mozioek gatazkaren konponbidea urrundu egiten dutela gerturatu beharrean».

p011_f02_199x116.jpg

Janire ARRONDO |

Milaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean, Azpeitian, EAJk eta EAk ezker abertzalea alkatetzatik kentzeko aurkeztutako zentsura mozioen aurka eta herriko alkate Iñaki Errazkini babes beroa eskaintzeko asmoz. Hilaren 17an, Udalbatzaren osoko bilkuran eztabaidatuko dute mozioa.

«Elkarrizketarako» deia egin zuten ezker abertzaleko ordezkariek eta «errudunak bilatzen aritu beharrean konponbiderako garaia» dela argi utzi nahi izan zuten.

Buruan Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinez gain, besteak beste, Hernaniko Marian Beitialarrangoitia, Arrasateko Ino Galparsoro, Urretxuko Iñaki Zabala eta Zestoako Alazne Olaizola zituela, iluntzeko 18.00ak pasatxo irten zen Azpeitiko plazatik herriko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa. Ezker abertzaleko beste hainbat ordezkari ere egon zen bertan, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez, esaterako.

Gogor salatu zuten EAJren eta EAren jarrera. Errazkinen hitzetan, «espero zitekeen EAJren jarrera, beren botere eta interes politikoengatik egiten dutelako lan». Baina, «EAren jarrera salagarria da» gaineratu zuen Beitialarrangoitiak. «EAJk Estatuarekin paktua egin duela eta bloke soberanista osatu behar dela esatea eta zentsura mozioak aurkeztea ez delako bateragarria», salatu zuen Hernaniko alkateak.

Elkartasuna eta babes beroa

Hainbat herritako ezker abertzaleko alkateei «elkartasuna eta babesik beroena» helaraziz eman zioten hasiera ekitaldiari Azpeitiko plazan. Sufritzen ari diren «lintxamendu politiko eta mediatikoaren aurrean» babesa eskaini dioten guztiei eskerrak eman zizkien Errazkin alkateak.

Azken hilabeteetan behin eta berriz entzun den «kondena» hitzak atzetik «izugarrizko erabilera politikoa duela» salatu zuen Errazkinek. Ezker abertzalea, halere, «Madrilek diseinaturiko joko horretan» ez dela sartu azaldu zuen.

Ezker abertzaleak «ETAk eragiten duen sufrimendua oso presente» duela esan zuen Errazkinek. «Ezker abertzaleak ondo daki gatazka politikoak eragiten dituen sufrimenduak nolakoak diren». Izan ere, «herri honetan telebistan agertzen ez den hamaika sufrimendu dago», gaineratu zuen. Errazkinen hitzetan «gatazka honen arazo nagusia da proiektu politiko guztiak bide demokratikoetatik ezin direla joan, herri honek ezin duela bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki». Beraz, «kondenaren amuaren atzean tranpa politikoa dago».

«Ez dugu inolako zalantzarik Inazio Uriaren hilketa bezalako gertaerek izugarrizko atsekabea eta zirrara eragiten dutela» azaldu zuen Beitialarrangoitiak ere. Gainera, «horrelako gertaerek agerian uzten dute herri honek konponbiderako duen beharra».

«Euskal herritar guztien eskubideak errespetatu arte eta herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan arte lanean jarraituko dugu», gaineratu zuen.

Bestalde, «egoera honetan kaleratu dugu eskaintza berria» azaldu zuen alkateak. «Bloke independentista sendo bat sortzeko eskaintza, herri hau autonomismoaren noriatik aterako duen ekimena», azaldu zuen Beitialarrangoitiak.

Herriko gazteak kezkatuta agertu dira

Azpeitiko hainbat gazte, herriko alkate Iñaki Errazkinen aurkako zentsura mozioa dela-eta kezkatuta agertu dira, «bi urte hauetako lorpenak zertan geratuko ote diren». Beraien ustez, «bi urteotan emandako aurrerapausoak ezinbestekoak eta oso positiboak izan dira gazteontzat».

Egungo Udalarekin «funtzionatzeko beste era bat» izan dutela, eta «onerako izan dela» berretsi dute. Beraien hitzetan, sortu izan diren arazo eta zailtasunen aurrean, «harremanetan jarriz eta elkarrizketaren bidez gauzak konpontzeko ahaleginak egin ditu Udalak». Horrenbestez, gazteek «Udalaren parte izatea» lortu dutela azaldu dute. «Gure iritzia aintzat hartua izan da eta gazteon mahaia osatzea ere lortu dugu».

Udalak gaztetxeak egiten duen kultur lana ere aintzat hartzen duela nabarmendu dute, eta Udalak berak gaztetxean ekitaldiak antolatzea goraipatu dute. «Udal honi esker gaztetxeko ataria margotzea ere lortu da, lehengoek hori ere ukatu egiten baitziguten», gaineratu dute gazteek.

Salatu dute, era berean, gazteek eurek etxebizitzari buruzko mahai-ingurua antolatu zutela, eta nahiz eta Udal talde guztiak parte hartzera gonbidatu, soilik Errazkin alkatea agertu zela. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo