GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Bigarren jardunaldiko lehen partida, galtzaileen artekoa

Titin eta Pascualek lortu zuten puntua «inork galdu nahi ez zuen partidan»

K.A | GASTEIZ

Titin III.ak eta Pascualek txapelketako lehendabiziko puntua lortu zuten ostiral gauean, Asier Olaizola eta Patxi Ruizen aurrean garaipena lortu ostean (22-18). Norgehiagokak bi zati izan zituen, nabarmen. Hasieratik sekulako jokoa plazaratu zuen gorriz jantzitako bikoteak, eta Iñigo Pascualen egiteko bikainari esker errenta politak lortu zituzten lehen zati honetan; 15-9ko emaitza ere izan zuten alde. Aurreko koadroetan sekulako lehia zeukaten Asierrek eta Titinek, eta tanto bikainak ere egin zituzten. Irungo frontoi hotzean zirenek eskertuko zuten ahalegina. Baina aurreko koadroetan partidua bizia bazen ere, atzean desorekatua gelditzen zen. Patxi Ruiz oraindik ez da sasoirik onenera iritsi, antza, eta Pascualek behin eta berriz gaina hartzen zion. Abartzuzakoaren boterea hain zen handia ezen, Lizarrakoa airez sartzera behartzen baitzuen etengabe. Airez sartu behar horrek galdutako pilota asko ekarri zizkion eta ezin izan zion inolaz ere Aspekoaren botereari aurre egin.

Dena erabakita zegoela zirudienean, ordea, Nafarroako bikotearen erreakzioa heldu zen. Goizuetakoaren joko bikainean oinarrituta, partzial polita sartu zieten gorriei eta 19-17 hurbildu ziren. Lehiaren zati horretan ikusi zen aspaldiko Asier Olaizolaren jokorik onena; zoragarri aritu zen, atzean zein aurrean, eta gorriak ikusarazi zizkion Trizioko aurrelariari. Baina jakina denez, berandu eginiko lana antzua izaten da, eta atzo ere hala gertatu zen. Aspekoak hasierako jokora itzuli, eta azkenean 22-18an utzi zuten markagailua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo