Txomin Peillen euskaltzainak bosgarren edizioko Agosti Xaho saria jaso du
Rebeka PARRAS | BAIONA
Agosti Xaho Kultur Taldearen eskutik, Txomin Peillen Karrikaburu zuberotarrak atzo jaso zuen bosgarren edizioko Agosti Xaho saria, Baionako Unibertsitateko campusean, goizeko 11.00 aldera, 30 bat pertsona eta kazetari talde bat bildu zituen ekitaldian.
Txomin Peillen euskaltzaina oso pozik agertu zen atzo jasotako sariarekin. Izan ere, idazle eta irakaslearen aburuz, Agosti Xaho eta beraren artean hainbat antzekotasun daude. «Batetik, Xahoren moduan, zuberotarra naizelako; bestetik, Xaho bezala, eliza katolikoarekin hautsi eta jada, kristaua ez naizelako; bera bezala, abertzalea naiz eta beharbada, zertxobait ameslaria ere bai. Azkenik, Xahok ere nire moduan, euskara izugarri maite zuelako», adierazi du euskaltzainak.
Agosti Xaho sariaren helburua, euskal kulturaren inguruan lan egin duten pertsonak saritzearekin batera, Xaho bera oroitaraztea eta omentzea da. Txomin Peillen, jatorriz euskalduna, 1932. urtean jaio zen, Parisen. Euskaraz idatziak ditu 40 bat liburu. Urteetako lanaren ostean, 1988. urteaz geroztik euskaltzain osoa da.