GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Telebista eta Internet batzea, aurrerapenaren lehen pausoa

LG enpresak Internet zerbitzua gaineratzen duen telebista aurkeztu du; Panasonic etxeak, berriz, hiru dimentsiotako ikuspeneko pantaila. Berrikuntza horiekin bat egingo duen webguneetako bat da MySpace. Bestalde, autoan ere telebista ikustea, urte gutxi batzuetako kontua izango da.
p051_f01_148x96.jpg

GARA | DONOSTIA

Aurrerapen teknologikoaren une gorenak izaten ari dira azkenaldi honetakoak, eta telebista ez da ez, atzean geratuko. Horren lekuko dira egunotan aurkeztu diren tresnak, denbora gutxiren buruan erabiltzaileen ohituretan eragingo dutenak.

Las Vegasen ospatzen ari diren CES kontsumoko elektronikari buruzko azokan, LG enpresak Broadband HDTV izeneko telebista aurkeztu berri du, Internet zerbitzua gaineratua duen lehen telebista. Etxeak egin duen apustua da bideoak kable eta satelite bidez gain, sarearen bidez ere jasotzea. Oraindik ez dute jakitera eman telebista horren formatua zein izango den, baina argi dago Netflix sistemaz hornituta egongo dela, DVDak online banatzen zituen etxearen sistemaz.

Sareko aplikazioak ere aurrerapen horri ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko dira. MySpace gunea izan da lehenetariko bat. Taldeak Intel eta Yahoo!rekin bat egingo du bere leihoa telebistaren bitartez ere irekitzeko helburuarekin. Etxeko aparailuaren bitartez lagunekin hitz egitea edota norberaren erabiltzaile profila aldatzea posible izango da laster.

CES azokan bertan Panasonic etxe japoniarrak ere bere azken berrikuntza aurkeztu zuen. Hiru dimentsioak etxeetara sartzeko hautua egina du. Bereizmen handiko plasma telebista da, Ameriketako Estatu Batuetan estreinatuko dena. Egitasmo hori aurrera eramateko, «Titanic» filmeko errealizadore James Cameronen laguntza izan du. Haren esanetan, «3Dak ez dira nahasmen, audientzia handietarako prest daude gainera». 103 hazbeteko pantaila eta Blu-ray disko-irakurgailua izango ditu. Ikusleak, lente bereziak erabiliz, hiru dimentsiotan ikusi ahal izango ditu irudiak, eta taldearen esanetan, metodoak erabateko errealismoa eskainiko dio telebista aurrean esertzen denari.

Telebistaren funtzionalitateaz gain, kokalekua ere aldatuko da datozen urteetan. Izan ere, ibilgailuetan, orain arte DVDak ikus zitezkeen eran, Audiovox eta FLO TV talde estatubatuarrek iragarri dutenez, telebista ikusteko aukera ere izango da laster.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo