PIRENA 6 euskal «musher»
Zakur leren erakustaldia Pirinioetan
Heldu den igandean hasiko da, La Partacuan, Pirenaren aurtengo aldia. Lasterketaren amaiera, berriz, hilaren 31n izango da, La Molinan. Lehiakideen artean, sei euskal ordezkari izango dira.
Andoni ARABAOLAZA
Pirenak prest du aurtengo edizioa. Duela bi urte ez bezala, badirudi elurra presente izango dela aurten eta, horrela bada, «Pirinioetako zeharkaldi zuriak» ez du inolako arazorik izango etapa guztiak jokatu ahal izateko. Larunbatean, Zaragozan, Pirenako parte-hartzaile guztiak elkartuko dira: 300 bat zakur eta ia 40 musher edo zakur gidari. Horietako zazpi skijoring mailan lehiatuko dira (iraupen eskia zakur bat edo birekin).
Zaragozako hitzordua aurkezpen modukoa da; izan ere, benetako lehia igandean hasiko da, La Partacua-Nieve de Aragon etaparekin. Hilaren 31ra arte lehia bizia izango da, Pirinioetako hainbat eremu zeharkatuz. Ohi den legez, etapa gehienak eski-estazioetan eta horien inguruetan jokatuko dira. Aurtengo aldirako ez dute berrikuntzarik iragarri. Beste behin, etapa gehienak laburrak dira; hala ere, bada 44 kilometroko ibilbidea duena. Pirenako antolatzaileek, betiere pizgarri bezala, etapa batzuk arratsalde-gauez jokatzeko antolatu dituzte.
Hamasei eguneko lehia, beraz, igandetik aurrera ikusteko aukera izango duguna. Estatu espainolean zakur lerekin egiten den probarik garrantzitsuena da gaur-gaurkoz, eta Munduko Koparako baliagarria da.
Sei euskal «musher»
Arestian aipatu dugun bezala, ia 40 parte-hartzaile izango dira La Partacuako irteera puntuan, eta horietako sei euskal musher dira. Guztiak ala guztiak, gainera, zakur leren mailan izena eman dutenak. Lau nafarrak dira: Alonso de la Torre, Iker Ozkoidi, Jesus Raigoso eta Javier Romero. Gogora ekar dezagun iaz horietako hiru lehen hamarren artean sailkatu zirela, eta, beraz, aurtengoan ere eurak sailkapen nagusiko lehenbizikoen artean ikustea espero dela. Ozkoidi, oso gutxigatik bada ere, bigarrena izan zen; Romero zazpigarren postuan sailkatu zen; eta Raigoso, hamargarren. Beste bi euskal ordezkariak honakoak dira: Andoni Azpillaga gipuzkoarra eta Iñigo Bizkarguenaga bizkaitarra.
Beste parte-hartzaileei dagokienez, Kataluniatik 9 musher azalduko dira, eta gogora dezagun horietako batek, Josep Dominguezek, duela bi urteko Pirena irabazi zuela. Alemaniatik ere talde indartsua bertaratuko da. Haien buru, Tom Andres, hots, iazko irabazlea. Horiekin guztiekin batera beste zakur gidari indartsu batzuk aipatu behar ditugu: Graeme Scott eskoziarra, Karl Habermann alemaniarra, Kjetil Hillestad norvegiarra, Pavel Pfeifer txekiarra, Patrick Wirz suitzarra...
Skijoring mailan, berriz, askoz ere lehiakide gutxiagok parte hartuko dute. 2009ko edizio honetan soilik zazpi lehiakidek eman dute izena. Txekiatik eta Norvegiatik iritsiko dira faboritoak: Richard Barta, Eva Danielova, Lena Boysen Hillestad...
Sei egun besterik ez dira falta Pirena hasteko: benetan lehia ikusgarria Pirinioetako parajetan barrena.