Ixabel Etxeberria Irakaslea
Tokiko botereak galdekatuak
Laborantza Ganberaren aldeko kanpaina aitzina doa eta sostengu gisa agertu nahi duten frantses ministro ohien zerrenda luzatzen ari da. Datozen asteetan sukaldariek beren dohainak martxan emanen dituzte jaki goxoen eskaintzeko, denen babesa behar duen proiektuaren alde. Laborantza Ganberaren laguntzaileek dudarik gabe irudimen handia erakusten dute sostenguaren erakartzeko, agian lan guzti hori nahikoa izanen da gaur egun piztu duten auziaren gelditzeko, laborarien aldeko Ganbera pakean utz dezaten, hasi dituen ildoetan lanean jarrai dezan.
Ez baita gauza erraza Euskal Herriko laborari edo langile izatea. Edozein frantses sindikatuko kide izan gaitezke, oso ezkertiarra ere, ez du horrek uhinik sortzen, baina Euskal Herria ezagutzen duen egitura batean parte hartzeak, bultzatzeak, ideologien gaineko erreakzioa sortzen du. Izan ere, prefetak eramaten du Laborantza Ganbera auzitegietara, Paueko Laborantza Ganberaren laguntzarekin, laborari sindikatu bat Estatuaren ordezkariaren eskutik. Hori bat, bigarrena ezagutzen genuen LAB sortu zenetik, bazterketa nola erabiltzen zen, hitz hartze komunak ezinezkoak zirela eta manifestaldien bukaeran jartzen uzten gintuztela. Aste honetan, frantses sindikatuak elkarturik, Espainian eta Frantzian gertatzen diren atentatuen salatzeko agiriaren plazaratzeko beharra ikusi dute. Pentsa zitekeen, bat-batean, atentatuen emendatzea gertatu zela. Batere. Gertatu dena da LABek lortu dituen emaitzek kolokan ezartzen dutela betidanik egon den frantses sindikaten arteko aulkien banaketa, egoera berriari aurre egiteko beldurtzen dira, lankide berria ez baitute ezagutzen. Ez dute ezagutzen baina nahiago dute baztertu, frantses Estatua zalantzan ematea ezinezkoa zaie, erreferentzia nagusia frantses Estatua baita.
Baldintza horietan elkarlana oso zaila izanen da, Euskal Herriko langile eta laborariei antolatzeko nahikeria ukatzen baitzaie. Hauteskundeek eman behar luketen zilegitasuna zalantzan emateko manera da. Laborantza Ganberaren proiektuak, LABen presentzia lantegietan, langileak ordezkatzen dituzten egituretan, tokiko guneak galdekatzen dituzte. Bazterketaren bilatzea, auzipetzea, sektore baten antolaketa demokratikoaren trabatzea da.
Hendaiako Erretentzio Zentroan Kabo Berdeko apeza sartu zuten preso, edozein etorkinekin egiten duten moduan, behar zituen paper guztiak hor zituen, baina ez du horregatik atxiloketa saihestu hain zaindua den Hendaiako geltokian. Zorionez harentzat, atxiloketak ez zuen luzaz iraun eta astean berean kanpoan gelditu zen. Ez zen Xabier Irastorzaren zoria izan. Etxetik ateratzen zelarik, lanerako bidean, hark ez zuen paperik, euroagindu bat aurkitu diote eta berehala Toulouseko presondegira eraman dute, besterik gabe. Bizi arrunta egitetik lau pareten artean aurkitzerako bidea gero eta laburragoa da.
Inauteria garaia heldu da, gertakari guzti horiek kalera atera ditzagun, maskaradaren izpiritua berreskuratuz.