Josu Jimenez Maia Berriozar
Jose Ramon Aranguren «in memoriam»
Ostiral goizean erraustu genuen Jose Ramon Aranguren zena. Azken agurra xumea eta hunkigarria izan da. Duela hogei urte baino gehiagoko oroitzapenek bete dute nire gogoa. Garai hartan ezker abertzalean harekin lanean aritzeko pribilegioa izan nuen. Oroitzapen lausoak dira batzuk; bestetzuk, ordea, bizi-biziak.
«Apaiza» deitzen genion, gure Jose Ramoni, destaina eta laidorik gabe baina; izan ere, amultsua zen Jose Ramon bera baino askoz ere gazteago ginenokin. Ordurako jada eskarmentu handiko gizona, ekarpen maila handiko militantea... Asko ikasi nuen nik bilera horietan, batez ere, eta nehor gutxietsi gabe, Jose Ramonengandik. Ideiak irmo eta, halaber, egonarri handiarekin defenditzeko burkidea genuen.
Gogoan daukat, bizi-bizi eduki ere, HASIren hirugarren kongresu historikotik bueltan, Zestoatik autoz gentozelarik. Oso kongresu gogorra izan zen, zinez latza, batez ere ur handi horietan sartu berri ginen eta igerian doi-doi genekienontzat. Itolarria giroan eta itolarria autoan: krisia eta zatiketa airean zegoen. Hara non, giro etsigarri horretan, Jose Ramonek adierazi ziguna: «Orain ekaitzaren erdian gaude, eta denok gaude jota; baina ekaitza bat baizik ez da izango Nazio Askapenerako Euskal Mugimenduaren historian». Eta hala izan zen.
Jose Ramon Aranguren joan zaigu, baina haren irmotasunaren eta egonarriaren eredua utzi digu joan aitzin.