Eneko Akarregi Otxoantezana Ondarroarra
«Bienvenido a Ondarroa»
Gabon Egun arratsaldea da eta lagunekin bueltatxo bat eman eta familiarekin afaria egiteko bidean noa. Herrira sartzeko bidegurutzean Polizia autonomikoaren kontrol bat aurkitu dut. Polizia gaztetxo batek eskuarekin gelditzeko adierazi dit eta hala egin dut. Kristala jaitsi dut eta... «Buenas noches. Abra la puerta de atras» agindu dit. Nik «Gabon. Euskaraz atenditzea nahiko nuke, mesedez!» esan diot.
Polizia leihora hurbildu eta tonua altxatuz «¡Mira, yo no tengo obligación de saber euskara!» erantzun dit. Nire aldetik: «Baina nik tratua euskaraz jasotzeko eskubidea dut. Euskaraz dakien norbaitekin tratatzea nahiko nuke». Haserretuta «Te he dicho que no tengo obligación de saber euskara. Y mira... ¡la has cagao! Saca todos los papeles del coche». Nik berriro: «Aizu! Nik zerbitzua euskaraz jasotzea besterik ez dut nahi». Polizia, bere onetik irtenda, deiadarka hasi zait: «¡Si no quieres venir con nosotros al cuartel saca los papeles del coche!». Urrutirago zegoen bere kideari deitu dio eta auto parera hurbildu denean «Euskaraz badakizu?» galdetu diot. «Bai!» erantzun dit eta niri begira gelditu da.
Gazteak autoko atea indarrez eta azkar ireki du. «¡Tú te vienes con nosotros!» esan dit. Paparretik heldu nau eta tiraka hasi zait autotik ateratzeko. Nik beste poliziari «Hau bortizkeria da!» esan diot bitartean. Tiraka dabilen polizia gerrikoa jarrita nuela konturatu da. Bi eskuak nire aurretik luzatuz askatu du eta «¡Te voy a denunciar por resistencia a la autoridad!» esan dit. Berriro esku batekin paparretik heldu eta bestearekin besotik helduta tiraka jardun du. Ni beste poliziari zuzendu naiz berriro: «Aizu! Hau bortizkeria da!», baina ziztrinik egin gabe begira geratu da. Ni ez naiz mugitu ere egin, ez dut oztoporik jarri ere, baina norbait tiraka autotik ateratzea hain erraza ez dela konturatu denean, aldendu eta telefonotik deitzeari ekin dio. Beste poliziaren agindua: «Irten eta jarri zutik autoaren alboan!». Hala egin dut. Telefonoz «Oye, ¡venid para acá! Un tío se me ha puesto farruco y nos lo llevamos». «Farruco?!» pentsatu dut nire barrurako eta besteari zuzendu naiz ostera: «Zure kidea ez da informazio zuzena ematen ari!». Bere erantzuna: «Autoaren paperak atera itzazu!».
Paperak ateratzen ari nintzela, beste auto bat heldu da eta bi polizia atera dira bertatik, baina nire autoaren atzean ere auto ilara sortu da. Etorri diren bi poliziak euskaldunak dira. Autoa bazterrean sartzeko agindu didate. Dokumentazioa hartu dit batek, besteak gertatu denari buruzko jakin-mina agertu du eta nire ikuspuntua kontatu diot. Autoa miatzeari ekin diote jarraian. Dena miatu ostean dokumentazioa bueltatu eta joan naitekeela esan didate.
Orduan eskatu diet niri erasotzeko arrazoiak argitzeko. Erdaldun elebakarra atzerago gelditu eta hiru polizia euskaldunak aurrez aurre jarri dira. Beraien kidearen jarrera justifikatzen baino ez dira ahalegindu. Inolako argumentu oinarririk ez dutela konturatu dira eta eztabaida oso deserosoa suertatu zaie. Hain deserosoa, justifikazio bat edo beste ateratzean beraien artean isilarazi dira. Erdaldun elebakarrak ez du txintik esan, esanguratsua. Azkenean, ni handik joateko aginduarekin bukatu dute eztabaida.
Euskalduna naizenez, euskaraz zerbitzatzea eskatu dut. Gaurkoan lau poliziatik hiru dira euskaldunak, hala ere erdaldun elebakarra dago jendaurrean. Eta eskubide hori bortxatzeaz gain, eraso egin dit. Nor daukagu euskaldunok gure eskubideak defendatzeko eta euskaldunon aurkako erasotzaileak atxilotzeko?