GARA > Idatzia > > Kultura

Milaka lagun elkartu ziren larunbatean, «arrakastatsua» izan zen Hatortxurock jaialdian

Arratsean hasi eta goizeko ordu txikiak arte iraun zuen festaz balorazio ona egin zuten atzokoan. Besteak beste, aurtengo berrikuntzek izandako harrera ona eta giroaren berotasuna nabarmendu zuten antolatzaileek.

p050_f01_148x84.jpg

Odeia AIESTARAN | IRUÑEA

Atzokoa balorazioa egiteko eguna izan zen Hatortxurockeko antolatzaileentzat. Oraindik nekea gainetik kendu ezinik, jaialdia «arrakastatsua» izan zela adierazi zuen Endika Alonso kideak eta nahiz eta, eguraldiagatik uste baino jende gutxiago bertaratu, milaka izan ziren elkartasun doinuekin bat egin zuten lagunak.

Lehen emanalditik hasita, 19.00etarako iragarrita zegoen Deskontrol taldearen emanalditik, karpa etengabe jendez lepo egon zela adierazi zuen, eta hasieratik «giro beroa» nabaritzen zela, kanpoan egiten zuen hotza ere epeldu zuten, oro har, talde guztien emankizunek.

Alonsoren hitzetan, halere, «gaueko izarretako bat» KOP izan zen; talde katalanaren itzulerak handik etorritako lagun ugari bildu zituen bertan, eta giro ederra ekarri zuten.

Bestalde, aurtengo berrikuntza nagusiaz ere mintzatu zen Alonso, bi karpa ezartzeaz, hain zuzen ere. Planteamendua «oso arrakastatsua» izan zela adierazi zuen, bi espazioek giro oso ezberdinetan murgiltzeko aukera ematen baitzuten. Gainera, inongo momentuan ez ziren musika doinuak isildu, batean kontzertua zegoen bitartean, bestean DJa zebilelako.

Orokorrean dena oso ongi joan bazen ere, antolatzaileek «puntu beltz» bat aipatu nahi izan zuten. Azken hilabeteetan zehar ohartu dira publikoaren artean jarrera «onartezinak» izaten direla, eta larunbatean musika taldeei objektuak botatzen jardun zuten baten batzuk ere antzeman omen zituzten. Hala, segurtasun neurriak hartzea beharrezko ikusi zuten eta atzo garbi utzi nahi izan zuten «talde bati zer edo zer jaurtitzean, antolatzaile eta ikuskizunaz gozatzera etorritakoei ere eraso egiten zaiela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo