«Amaia» eta «Batu», astorik eder eta dotoreenak Lazkaon
Gipuzkoako XX. Asto Erakusketa eta Lehiaketa egin zuten atzo Lazkaon, Astotxo Egunaren harira. Inaxio Mendizabalek Amasatik eramandako «Amaia» izan zen emerik ederrena eta Elgoibarko Txomin Arriolaren «Batu» astarrik dotoreena. Eguerdi partean, gainera, «Egiptora ihesa» antzezlana egin zuten herritarrek urtero legez.Janire ARRONDO |
«Gezurra dirudi astoa galtzear dagoen animalia izatea» pentsa zezakeen atzo Lazkaora inguratu zen batek baino gehiagok. Urteroko ohiturari eutsiz atzo ospatu zuten Lazkaon Astotxo Eguna eta espero zitekeen bezala, astoa izan zen eguneko protagonista.
Jende ugari bertaratu zen herrira, XX. Asto Erakusketa eta Lehiaketara bildu ziren animaliak ikustera edota eguerdi partean herritarrek egiten duten «Egiptora ihesa» antzezlanaz gozatzera.
Txistulariez lagundutako Asto Dianak iragarri zuen festa egunaren hasiera, baina, ordurako entzun zitezkeen plazatik zetozen asto arrantzak. Ordu horretan, oraindik hotz egiten bazuen ere, dagoeneko hasi zen jendea plazara inguratzen.
Enkarterri euskal arrazako astoak biltzen dira Lazkaoko Txapelketan. Aurten 82 abere aurkeztu dituzte lehiaketara, 11 arrak eta 71 emeak. Haur eta helduen arreta bereganatzen zuten astakumeak kontuan hartuz, guztira, baziren 100 inguru.
Lehengo urtean baino asto gutxiago aurkeztu zituzten aurtengo lehiaketara, «elurra dela-eta ezin izan baitituzte menditik jaitsi» argitu zuen Egoitz Bergara Astotxo Eguneko antolatzaileetako batek.
Lehenbizi hamar astorik onenak aukeratu, eta irabazleen sariak eman zituzten ondoren. Emerik ederrenaren saria Amasako Inaxio Mendizabalek eraman zuen, «Amaia» astoarekin; astarrik dotoreenarena, berriz, Txomin Arriola elgoibartarrak, «Batu» astoarekin.
Haurrentzat ere izan zen denbora pasarik, astoz tiratutako gurdietan herrian buelta bat emateko aukera izan baitzuten.
Hala ere, Lazkaoko Astotxo Eguna tradizio luzeko jai eguna da. Izan ere, 1652. urtetik egiten den ospakizuna da, beti Errege Egunaren hurrengo igandean. Tradizio kristauko da honakoa, herria 2.000 urte atzera eginez Judea bailitzan atondu, eta Belendik Egiptorako ihesa antzezten baitute urtero-urtero.
Eguerdiko ordu batean eman zioten hasiera antzezpenari, eta denera 150 herritar inguru izan ziren antzezlanean parte hartu zutenak. Ordurako eguzkiak giroa zertxobait berotu zuenez, goxo egon zen jende andana ekitaldiari begira.
Antzezlanean, Herodes erregeak bi urtetik beherako ume guztiak hiltzeko agindua eman ondoren, Josek eta Mariak beren haurrarekin Egiptora egiten dute ihes asto baten laguntzaz. Herodesen soldaduek, bitartean herria hartzen dute.
Asto probak bezperan
Atzoko Astotxo Egunerako giroa prestatzen hasteko, Lazkaon ere Bizkaian ezaguna den asto dema ikusteko aukera izan zuten larunbatean, Antsoategi elkarteak antolatutako ikuskizunean.
Bi metroko altuera eta 370 kiloko pisua zuten Mallabitik etorritako bi asto izan ziren probako protagonista. Hogei minutuko saio bana egin zuten bost eta zapi urte bitarteko asto horiek, 600 kiloko harriarekin 30 untze eginez.
«Egiptora ihesa» antzezlanean herria Judea bailitzan atondu eta Belengo familiak Egiptora egiten duen bidaia irudikatzen dute.