GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Zubizarretak eta Txikonek martxoan jokatuko dute apustua


Jon LEUNDA | DONOSTIA

Alex Txikonek pasa den ostegunean bota zion Zubizarretari aizkora apustua egiteko desafioa. Atzo eguerdirako jarri zuten hitzordua Azpeitian, eta hantxe batu ziren bi aizkolariak apustua egiteko akordioa lortzeko.

Desafioa gauzatzeko ez zen aparteko arazorik egon. Txikon 16 kana-erdikotatik 20 kana-erdikora bitarte jokatzeko prest agertzen zen, baina neurketa martxoaren hasieran egitekotan, izan ere, bizkaitarra mendizalea baita, eta martxoaren 20 inguruan Himalaya aldera, Kangchenjunga mendira, joango denez hara abiatu aurretik egin beharra dauka. Dirutan, 3.000 euro inguru jokatzeko prest agertzen zen Lemoakoa.

Atzo eguerdian Azpeitira agertu zen aizkolari bizkaitarra, eta Zubizarreta ere bai. Ez zen aparteko eztabaidarik izan, berehalakoan izan baitzen akordioa, eta apustua sinatu zuten. Martxoaren 1ean jokatuko dute, eta aizkolari bakoitzak 16 kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Alde bakoitzak, 3.000 euro jokatuko du dirutan, eta aizkolari bakoitzak bi erakusle eramango ditu.

Zehazteko geratu zen, ordea, lekua, Azpeitian ala Lemoan, non jokatu ez baitzuten erabaki, baina badirudi Azpeitian izango dela, ezuste handiren bat ez baldin bada. Zubizarreta bertakoa da, eta kontuan hartuta Azpeitiko plazak zer-nolako izena duen, bertarako joera izan daiteke, baina aurretik hainbat alderdi aztertu behar dituzte. Hala ere, aste honetan bertan erabakiko dute lekua zein izango den.

Urteko lehenengoa

Atzo Azpeitian egin zuten apustua, urte honetako lehenengoa izango da, eta jokatzen ere horrela izango da, zaila izango baita, beste apusturen bat egiten bada ere, martxoaren lehen egun hori baino lehen jokatzea.

Bi aizkolariak berriak dira. Txikon aizkoran baino, askoz ere ezagunagoa da mendian, jadanik sei zortzimilako eginak baititu, eta udaberri honetan zazpigarrena egitekotan da. Hiru urte daramatza herri kirolean, eta Julen Mendieta da bere erakuslea. Zubizarretak ere hiru bat urte daramatza aizkoran, eta agian bizkaitarra baino ezagunagoa da. Arraun mundutik dator bera, eta azken urte hauetan Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketetan aurreko postuetan ibili da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo