Ohorezko Maila Trevijano
Azken minutuetan egindako hutsegiteek punturik gabe utzi dute Ampo Ordizia
AMPO ORDIZIA 16
MADRID 35
J.L. | ORDIZIA
Ampo Ordiziak, azkeneko minutuetan egindako hutsak medio, galdu egin zuen atzo sailkapeneko lehenaren aurka. Emaitzak bestelakorik pentsaraz lezake, baina bigarren zatiko erdialdean gipuzkoarrak markagailuan aurretik ari ziren.
Lehen zatia orekatua izan zen, eta bi taldeek izan zituzten aukerak. Etxekoak aurreratu ziren Grayk lortutako zigor bati esker, baina madrildarrek erreakzionatu egin zuten, eta Feijoo donostiarrak entsegua egin, eta Cabralek ez zuen hutsik egin transformazioan.
Alabaina, Axio Alañaren mutilak ez ziren kikildu, eta aurrera jo zuten gogo biziz, eta Grayk, zigor bati esker, aldea murriztu egin zuen. Goierritarren jaurtitzaileak handik gutxira min hartu zuen, ordea, eta anbulantzian utzi behar izan zuen zelaia. 9-12koarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian indartsu hasi zen etxeko taldea, eta Huxfordek bi aukera izan zituen, baina bi zigor huts egin zituen. Elortzak, ordea, etxekoen entsegua egin zuen 16. minutuan, eta Huxfordek gauzatu egin zuen. 16-12 aurretik jarri, eta zelaian agintzen hasi ziren.
Azkeneko ordu laurdenean, ordea, Ordiziak hiru huts egin zituen, eta madrildarrek garbi asko utzi zuten zergatik diren sailkapeneko onenak. Beste hiru entsegu egin zituzten, partida erabakita utziz.
Ampo Ordiziak ez zuen horrelakorik merezi, baina hutsegiteak garesti ordaindu zituen, eta amaieran puntua bakar bat ere ez zuen lortu.