GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Manu Odriozola | «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kidea

Enplegu-erregulazio espedienteen aurka eta lanpostu guztien defentsan, greba orokorra

Kapitalisten aurkako erantzun onena enplegu erregulazioak dituzten lantokietako langileen borroka elkartzea da, lanpostuen eta lan baldintza duinen alde langile klase osoaren batasuna bultzatuz

Euskal Herriko sindikatu eta politikariek bide eman behar liokete bidezko diren ERE orori, klase borroka eta gure enpresarien aurkako manifestazioak herriari kalte besterik egiten ez dien tresna direla ohartuz, dagoeneko jakinaren gainean ez badaude» (Aritz Galdos. «Berria», 2009-1-7). Argiago ezin da esan. Guztiz kontrako iritzia eman ere ez.

Azken 16 urteetan enpresariek eta bankuek eskandaluzko etekinak izan dituzte; aldiz, langileentzat prekarietatea handitu egin da, erosteko ahalmena galdu dugu, kaleratzea merkatu egin dute, lantokietan presioa areagotu egin da eta borroka handiekin lortu genituen eskubideak kendu egin dizkigute. Esperientziak argi erakutsi digu enpresariek eta bankuek poltsikoratzen dutena langileek ez dutela hartzen.

Orain ekonomia kapitalista inoiz bizi izan ez dugun krisi sakon batean sartzen ari da. Munduko gobernu guztiak (Obama, Zapatero, Sarkozy, Ibarretxe...) bankuei eta enpresariei ematen ari zaizkien diru laguntza izugarriek ez dutela krisia konpontzeko balio ikusten dugu. Hori bai, administrazioen zorra ikaragarri handitzen ari dira «beste irteerarik ez dagoela» esaten diguten bitartean. Gezurtiak! Diru publiko hori guztia lanpostuak mantentzeko erabili beharko litzateke eta ez bankuei laguntzeko.

Confebask euskal enpresarien elkarteak eta CEOEk Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Madrilgo Gobernuari enplegu erregulazioak onartzeko, exijitzen jarraitzen dute, langile finkoak aldi baterakoekin ordezkatzeko kontratuak gehiago malgutzeko eta enpresei diru gehiago eman diezaieten. Langileok ordea, ez daukagu munduko eta lantokietako krisiaren ardurarik. Beraz, krisiaren ondorio kaltegarriak langileriak ordain ditzan arrazoi bakar bat ere ez dago. Langileok eta gure familiek bizi ahal izateko lan egitea besterik ez daukagu eta ez dugu lantoki bat ixtea edo langilerik kaleratzea onartu behar.

Orain, enpresariek enplegu erregulazioekin etekinen tasa mantendu nahi dute. Langileen aurkako enplegu erregulazio kopurua handitzen ari da Euskal Herrian eta honek klase borroka handitzea ekarriko du nahitaez. Azken asteetan ikusi dugu langileen mobilizazioak eta parte-hartzea handitu egin direla enplegu erregulazioen aurkako borrokan. Baina garrantzitsua da ikustea enplegu erregulazio horiek ezin direla lantokiz lantoki soilik borroka eginez gelditu. Horregatik, kapitalisten aurkako erantzun onena enplegu erregulazioak dituzten lantokietako langileen borroka elkartzea da, lanpostuen eta lan baldintza duinen alde langile klase osoaren batasuna bultzatuz.

Sindikatuetako zuzendaritzek 24 orduko greba orokorra deitu beharko lukete berehala patronalaren ofentsibaren aurka. Greba orokorrak, azken finean, gizarte kapitalista geldiarazteko boterea langile klasearen eskuetan dagoela frogatzen du, eta langileen baimenik gabe lantegiek, garraiobideek, hezkuntzak eta ospitaleek ez luketela funtzionatuko erakusten du. Hor aurkitzen da langile klasearen indarra, gogoratuz langileek gaur egun duten kopurua eta indarra historian inoiz izan duten handiena dela. Greba orokorra da kapitalisten eta patronalaren erasoen aurkako pausorik garrantzitsuena. Enplegu erregulazioen aurka eta lanpostu guztien defentsan, greba orokorra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo