GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Butroi Bizirik elkarteak sinadurak bilduko ditu, trena Mungialdera ekartzeko

Inguruko «trafiko arazoei aurre egiteko modu eraginkorra» delako, Mungialdea eta Bilbo lotuko dituen tren zerbitzua berreskuratzea ezinbesteko jo du elkarteak. Ekimenaren aldeko kanpaina abiatuko du bihar.

GARA | Mungia

Butroi Bizirik Mungialdeko elkarteak «Mungiako trena etor dadila» kanpaina abiatuko du bihar egingo duten aurkezpen ekitaldiarekin. Hain zuzen, Mungiako tren geltokiko azken geltoki-buruaren sinadurak abiatuko du ekimena, eta beste elkarte eta Mungialdeko bizilagunek ere sostengua emango diote egitasmoari. Ekimenaren helburua Bilborekin lotzen zituen eta 1975ean kendu zuten garraiobidea berreskuratzea da.

Elkarteak gogora ekarri duenez, 2006. urtean Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen Loiuko aireportuko terminala eta Bilbo komunikatzeko trenbide berri bat egitea. Horren harira, azterketa bat egin zen proiektuak zein gastu izango duen jakiteko eta bertan jasotzen zen ibilbide berriak leku biak 8 minutuko tartean lotzeko aukera ematen zuela jakin zen.

Butroi Bizirik elkartearen iritziz, honakoa aukera egokia da Mungialdean zein Mungian tren zerbitzua berriz ere abian jartzeko, aipatutako azpiegitura hori luzatuta. «Mungialdeko mugikortasun arazoei aurre egiteko modu eraginkorra eta bateratua litzateke», nabarmendu dute talde ekologistako kideek.

Horien ustetan, beharrezkoa da garraio mota hau berreskuratzea, inguruan dituzten eta areagotzen ari diren mugikortasunarekin lotutako arazoei aurre egiteko.

«Azpilanak egin dituzte»

Izan ere, Butroi Bizirik taldearen iritziz, orain 33 urte Mungialdeko biztanleek Bilbo handiarekin zuten lokarria eten ostean, azpilan handiak egin dira eta autoaren erabilpena handitu egin da. «Honek -azaldu du taldeak- ingurumenean kalte handiak eragiteaz gain, eratorritako kostu itzelak ere eragin ditu: istripuak, hildakoak, energia gastuak...».

Gainera, beraien hitzetan, Mungialdeko mugikortasunean giltza diren osagaiak inguruan ondo antolatzeko eta lurraldea bateratzeko gakoa da trena, eta bere azken xedea, eskualdeko biztanleen bizi kalitatea hobetzea da.

Maitzaren 10a

Ekimena datorren maiatzaren 10era arte luzatuko da. Egun horretan Trenaren Eguna ospatuko dute herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo