GARA > Idatzia > > Iritzia

Gasaren krisia nekez jo liteke bukatutzat

Europar Batzordeak atzo iragarri zuenez, gaur goizean gas hornikuntzari berriz ekiteko akordioa lortu dute Errusiarekin. Hala egingo dutela esan zuen Gazprom-eko presidente Alexander Medvedevek ere, Errusiak eta Europak sinatutako dokumentuari Ukrainak erantsi zion aldarrikapena desagertu ostean. Hala izatera, gasak bi edo hiru egun beharko ditu haren behar handiena duten herrialdetara iristeko. Nolanahi ere, gasaren auziak Georgian eta duela hiru urte Ukrainan bertan izan zituen aurrekariak kontuan izanda, ezin liteke ziurtatu konponduta dagoenik. Izan ere, hornikuntza berriz hasiko balitz ere, ez dirudi gasaren inguruko ezadostasunak edo tirabirak desagertu direnik, eta krisiaren jatorrian sumatzen den faktore geopolitikoa ezin da ahaztu. Errusiak gasaren prezioa eguneratu nahi du, eta oso kontuan izan behar da Ukraina, Mendebaldeari begira, Errusiaren orbitatik kanpoko herrialdea dela. Eta Ukrainak, bestalde, bere kokapen geografikoa baliatu nahi du -Europako gas-horniduraren %80 herrialde horretatik igarotzen da-. Azkenik, Europar Batasunak ez du energia politika komunik; alegia, nor bere aldetik joatea dago indarrean, batez ere zailtasunei aurre egiteko, eta kaltetuenak gas horren menpe dauden eta aldi berean pobretuenak diren herrialdeak dira, egunotan hotz ikaragarriaren atzaparretan abandonatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo