Guggenheim museoak 951.369 bisitari izan zituen iaz, aurreko urtean baino %5 gutxiago
GARA | DONOSTIA
2008an 951.369 bisitari gerturatu ziren Bilboko Guggenheim museoko artelanez gozatzera, 2007an baino %5 gutxiago. Urtebetean jaitsiera txikia izan duen arren, museoak, ohar baten bitartez urte osoko balantzea plazaratu du artelekuaren hainbat ekinbidetan. Juan Ignacio Vidarte zuzendariak prentsaurreko batean azaldu zuenez, 2008an «urte horretarako prestatutako aurreikuspen guztiak bete dira».
Guggenheimek igorritako oharrak aipamenik egiten ez duen arren, joan den urtean museoak Roberto Cearsolo finantza zuzendariak egindako milioi erdi euroko iruzurra estalgabetu du, eta hura kanporatu eta auzitegien aurrean salatu du. Eta, hori gutxi balitz, Gasteizko Legebiltzarreko ikerketa batzorde bati aurre egin behar izan dio Richard Serraren eskulturak eskuratzeko helburuarekin, dolarrak erosi eta, dirudienez, sei milioi euro galdu izanagatik.
Atzerritar gutxiago
Bisitarien balantzeari dagokionez, oharrak azaltzen duenez, iaz puntu batean jaitsi zen bisitari atzerritarren kopurua. Hasiera batean kopuru osoaren %67 osatzen zuten, 2008an, berriz, %66 izatera pasatu ziren. Aitzitik, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko bisitarien zenbatekoak lau puntu egin zituen gora.
Estatu espainoletik etorritakoen kopurua ere puntu batean jaitsi zen, 2007an %14 izatetik, 2008an %13 izatera pasatu zen. Talde horretako jaitsierarik handiena Kataluniatik etorritako bisitariei dagokiena da, 2007an %9 izan baitziren eta, iaz, ostera, %7.
Urte osoko balantzeari dagokionez, aurtengoan ere, kaleratutako oharrak museoan egindako ekinbide eta erakusketek EAEko ekonomian izan duten garrantzia bildu du. 2008an izandako eragina 230 milioi eurokoa izan zen, eta 28 milioi euro izan ziren zifra horrek zergetan sortutakoak.