GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jon Lizarribar euskal presoa gose greban, Madrilen esku gelditzeko arriskua dela-eta

Gaur, Pauen, Xabier Irastorza beasaindarraren aurkako euroagindua aztertuko dute. Bestalde, Jon Lizarribar urnietarrak, kanporatua izateko arriskuan dagoela-eta, gose grebari ekin dio Toulongo espetxean.

p013_f02_83882.jpg

GARA | Urnieta

Jon Lizarribar Lasarte euskal preso politikoa gose greba mugagabeari ekin zion atzo, urtarrilak 12, amnistiaren aldeko mugimenduak aditzera emandakoaren arabera. Parisek ezarritako espetxe zigorra datozen asteotan beteko du Urnietako preso politikoak eta, beraz, Estatu frantsesetik kanporatua izateko arriskuan dago, horrek «atxilotua eta torturatua izateko arrisku larrian jartzen du».

Toulongo kartzela frantsesean preso egon ondoren, datorren otsailaren 4an beteko du Lizarribarrek Pariseko auzitegiek ezarritako zigorra. Orduan, Parisek kanporatze prozedura erabiliko duela aurreikusiz, eta horrek Madrilen esku uztea adierazten duela-eta, gose grebari ekin zion urnietarrak atzo. Urnietako preso politikoak bizi duen egoeraren aurrean, gainera, urnietarrek protestaldia egingo dute ostiralean, 20.00etan, San Juan plazan. «Espultsiorik ez! Preso eta iheslariak Euskal Herrian libre!» lelopean egingo da elkarretaratzea.

Torturaren itzala

Amnistiaren aldeko mugimenduaren esanetan, «honakoa, Frantziako Gobernuak euskal preso eta iheslari politikoen kontra erabiltzen duen prozedura bidegabea da, prozedura judizialetik kanpo dagoena eta inkomunikazioaren zein torturaren kontrako bermeak saihestea helburu duena».

Lizarribar, egun, kanporatua izanez gero, torturatua izateko arriskuan dagoela salatu zuten segidan, eta azken hiru hamarkadetan Estatu espainolaren menpe 7.000 euskal herritar baino gehiago torturatuak izan direla ekarri zuten gogora.

Bestalde, gaur, Xabier Irastorza, Barojo, Beasaingo errepresaliatu politikoa Paueko epaitegira eramango dute, bere aurkako euroaginduaren auzibidea dela-eta.

Euroagindua, Pauen

Gogora ekarri behar da Irastorza joan den urtarrilaren 9an atxilotu zuela Polizia frantsesak, lanerako bidean zihoala. Madrilek Irastorzaren aurka bideratutako euroagindu bat izan zen atxilotzearen arrazoia. Egun berean, arratsaldean, Paueko auzitegira eraman ostean, Muret-Seysses espetxe frantsesean kartzelatu zuten beasaindarra.

Berrogeita hamar urteko beasaindarra aske utz dezatela exijitzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean Ziburuko portuan, 19.00ean. «Defentsa eskubidea erabat urratzen duen prozedura hori gogor salatzen dugu eta prozedura hori desagerraraztea eta Barojo berehala askatzea exijitzen dugu. Aski da!», salatu du Ziburuko amnistiaren aldeko mugimenduak. Lapurdiko udalerrian egingo duten bezala, Irastorzaren jaioterrian, Beasainen ere manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean, 20.00ean, Zubimuzu plazatik abiatuta.

Bestalde, joan den larunbatean, Bilboko Alde Zaharrean 300 lagunetik gorak hartu zuten parte Zorion Zamakola preso politiko ohiari egindako ongi etorrian. 2001ean atxilotua izan eta gero, igaro den abenduan berreskuratu zuen askatasuna.

Atzokoan ere salaketa mobilizazioak egin ziren. Lazkaon, goizean 50 pertsonek egin zuten protesta eta arratsaldean, aldiz, 63k. Portugaleten 60 lagun elkartu ziren eta Altsasun 100. Mobilizazi hauek hamabi euskaldunen aurka Madrilen egiten ari diren epaiketa salatzeko dira.

Bestalde, euskal preso politikoen eskubideen defentsan, 70 lagun kontzentratu ziren atzo iluntzean Ondarroan, 110 Santurtzin, 16 Euban, 20 Zaldibin, 45 Iurretan, 58 Laudion, 23 Altzan, 13 Añorgan eta 26 Bilboko Zorrotzan eta 16 Otxarkoagan.

Bi asteren buruan

Jon Lizarribar Urnietako preso politikoak datorren otsailaren 4an beteko du Parisek ezarritako zigorra eta, ondorioz, Madrilen esku uzteko arriskuan dago da. Hori dela-eta, gose grebari ekin dio.

MOBILIZAZIOAK

Urnietako preso politikoaren egoera dela-eta, ostiralean elkarretaratzea izango da. Gaur, berriz, Xabier Irastorzaren aurkako euroagindua aztertuko dute Pauen, eta Ziburun eta Beasainen protestak egingo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo