Inquitexeko langileek mobilizazioa egingo dute gaur Donostian
GARA | Andoain
Andoaingo Inquitex enpresako langileek enpresak aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espedientearen aurka borrokan jarraitzen dute. Hala, gaur, 19.00etan, kontzentrazioa egingo dute Donostian, Banco Guipuzcoano-ren egoitza parean.
Gaurko ekimena «Beraien krisiaren aurrean: Astearteetan, Herria kalera» ekimen iraunkorraren baitakoa da. Ekimen honen antolatzaileen hitzetan, «langileen kontura aberasten diren enpresaburu eta politikoen kudeaketa arduragabeak sortu eta elikatzen duen kaos orokorra» salatzeko abiatu dute astearteroko protesta hau.
Kaleratze eta enplegua erregulatzeko espedienteen mehatxupean dauden hainbat enpresatako langileek bat egin dute azken asteotan ekimenarekin, Ureche, Cortusa nahiz Sabeco-koek besteak beste, eta gaurkoan, Inquitex-eko langileak izango ditu ardatz.
Larunbatean ere kalera atera ziren Inquitexeko langileak. 172 langileri eragiten dien erregulazio espedientearen, gerta litezkeen kaleratzeen eta enpresaren kudeaketa txarraren aurkako oihuak entzun ziren mobilizazioan, eta borrokan jarraitzeko deia egin zuten.