Marc Pedraza erdilaria Espanyol taldera itzuliko da
Jokalariak hartu du erabakia, Mandiolak hamaikakotik at utzi ostean. Bestalde, Astudilloren iritziz, talde babazorroak «larritasunez» jokatzen du.
GARA | GASTEIZ
Espanyolek utzita, sei hilabete Gasteizen eman ondoren, Marc Pedraza erdilari kataluniarra Bartzelonako taldera itzuliko da. Atzo eguerdian baieztatu zuen berria talde babazorroak bere webgunean.
Antza, Pedraza bera izan da azken egunotan Espanyol taldera itzultzeko asmoa erakutsi duena, Mendizorrotzako hamaikakoan uste baino minutu gutxiago dituelakoan. Hala, bere agentearen bitartez, talde gasteiztarrarekin duen harremana eteteko beharrezko mugimenduak egin ditu azken asteotan. Fernando Ortiz de Zarate presidentearekin eta Alaveseko administratzaileekin harremanetan jarri ostean, atzo eten zen ofizialki jokalariaren eta taldearen arteko lotura.
Itxura denez, entrenatzaile aldaketak ez dio mesede handirik egin erdilari kataluniarrari. Denboraldi hasieran urtebeterako utzita iritsi zen Pedraza, eta Jose Maria Salmeronen hamaikakoetan Pedrazak lekurik izan bazuen. Hala ere, Manix Mandiola iristeaz bat, orain arteko bi neurketetan ez du hasierako hamaikakoan jokatzeko abagunerik izan. Ondorioz, minuturik ez izatekotan, Marc Pedrazak nahiago izan du etxera itzultzea.
Deportivo Alavesek, bere webgunean idatziriko agirian, jokalariak eskainiriko zerbitzuak eskertu zituen, eta zorterik onena opa zion etorkizunera begira.
Larritasuna
Izan ere, talde babazorroak badu kezka garrantzitsuagorik, jokalari bat gorabehera. Lau partida jarraian galduta, hamazortzigarren postuan daude Manix Mandiolarenak, jaitsiera postuetatik puntu bat goitik. Ondorioz, urduritasuna, kezka, bai eta larritasuna ere, eguneroko ogi bihurtu dira arabarrentzat.
Hala adierazi zuen igandean bertan Alaveseko kapitain Martin Astudillok. Erdilari argentinarra honela mintzatu zen: «Ezin dugu ukatu gure egoera zaila denik. Bolada txar batean murgilduta zaudelarik, partidak larritasunez jokatzen dituzu eta, tira, horri aurre egin eta hurrengo neurketetan burua askoz hotzago dugula jokatzeko gai izan behar dugu. Horretaz gain, zentzu gehiagoz defenditu behar dugu orain puntuak galduz ordaintzen ditugun jokaldi horietan».
Atzo Alavesek ez zuen entrenamendurik izan, atseden eguna baitzuen. Gaurtik aurrera datorren asteburuko partida prestatuko dute babazorroek: jaitsiera postuetan dagoen Alacant-en aurka, hain zuzen.