Berezkoak
Inoiz baino irekiago dator aurtengo buruz burukoa
Datorren larunbatean abiatuko da lehiaketa Lekornen. Bi kanporaketa jokatuko dira, eta martxoaren 8an izango da finala Baionan, Moderne trinketean.
Jon LEUNDA | BAIONA
Hamalau pilotari arituko dira larunbatetik aurrera Berezkoen Buruz Burukoan. Une honetan 18 pilotari daude profesionaletan, eta horietako lauk ez dute jokatuko. Gainerako guztiak arituko dira txapelaren lehian.
Lau multzotan banatuko dituzte pilotariak, eta bi fase jokatuko dira. Hasteko, kanporaketa eran lehiatuko dira, eta multzo bakoitzeko onenak finalerdietako ligaxka jokatuko dute. Gero, bi onenek, finala izango dute martxoaren 8an Baionan, Moderne trinketean. Multzo bakoitzak buru bat izango du, eta eskailera eran arituko dira, behetik gora.
A multzoan, Waltari, Dermit eta Etxeberri arituko dira. B multzoan, berriz, Ezkurra, Idiart eta Lazkano. C multzoan, Sorhuet, Kurutxari, Alfaro eta Lanbert, eta D multzoan, Ozafrain, Etxeto, Harizmendi eta Ducassou.
Waltari, Ezkurra, Sorhuet eta Ozafrain izango dira multzo bakoitzeko buruak, iazko lehiaketari dagokionez, lau onenak izan ziren hauek. Aurtengoan, lau pilotari faltako dira. Larretxeak ez du jokatuko min hartuta baitago, Ibarrola eta Bielle, aldiz, ezker hutsak dira, eta bakarka jokatzeko zailtasunak izaten dituztela-eta, ez jokatzea erabaki dute. Ezkurra I.ak, aldiz, adina dela-eta, bakarkakoari uko egitea erabaki du. Lehiaketa hauetan ohikoak ziren beste hiruk, berriz, jadanik utzi dute pilota profesionala, eta Muskarditz, Aranburu eta Rene Dermit ez dira gehiago arituko onenekin. Harizmendi, Ducassou eta Lanbert, berriz, berriak dira. Lehenengoa, ezker paretatik dator, eta azkenengo biak amateurretatik.
Lehiaketa ederra iragartzen da, eta faborito bat baino gehiago agertzen da. Multzo bakoitzeko lau buruak dudarik gabe hor agertuko dira. Waltari egungo txapelduna da, eta Ezkurra II.ak, aldiz, irabazi berri du Superprestigioa. Ozafrain eta Sorhuet ere oso kontuan hartu beharko dira. Lau horiez gain, Etxeto, Kurutxari eta Harimendi ere ez daude bazterrean uzteko moduan. Beraz, aurten inoiz baino irekiago agertzen da buruz buruko lehiaketa.
Datorren larunbatean abiatuko da Lekornen, bertako trinketean, eta hasteko, gainera, bi partida izango dituzte aurrez aurre. Alde batetik, Harizmendi eta Ducassou lehiatuko dira, eta, bestetik, Alfaro eta Lanbert. Partida erakargarriak izango dira, izan ere, Harizmendi ikusteko parada izango da. Superprestgioan sekulako maila erakutsi du, eta orain zaleek ikusi nahi dute bide beretik jarraituko ote duen edo ez. Bestetik, Alfaro ikusteko gogoa ere badute zaleek, udan torneo onak egin baititu. Lanbertek eta Ducassouk, berriz, lehiaketa honetan beren estreinaldia egingo dute, eta ez dute hor geratu nahi.
Pilotariak lau multzotan banatuta arituko dira kanporaketa eran. Waltari, Ezkurra, Sorhuet eta Ozafrain dira multzo bakoitzeko buru. Gero, lau onenek finalerdietako ligaxka jokatuko dute.
Inoiz baino faborito gehiago agertzen dira aurtengo txapelketan. Multzo bakoitzeko buruez gain, Etxeto, Kurutxari eta Harizmendi ere oso kontuan hartu beharko dira.