Eurocup
Zauriak garbitzeko bederen irabazi behar da azken neurketa ere
GARA | BILBO
Irabazi edo galdu, Iurbentia Bilbao Basketek ziurtaturik dauka bigarren faserako txartela, Last 16 deritzon ligaxkarako hain zuzen, H multzoko lehenengo postuan gainera. Halere, Txus Vidorretaren taldeak hobe du ACB Ligako bolada txarra Eurocupetik ahalik eta urrunen mantentzea; ligak sortzen dizkion zauriak garbitzeko balio dezala bederen Europako txapelketak.
Aurkaria, itxuraz behintzat, garaipen on batekin amaitzeko aproposa da. Buducnostek ezingo du bigarren fasera aurrera egin, bost neurketetatik bakarra irabazi baitu. Montenegrokoa, oso talde gaztea izaki, irregulartasunaren paradigma da. Gogoan izan bestela Podgoricako neurketa; bertan Bilbao Basketek 12 puntuko desabantailari buelta eman behar izan zion.
«Gure lan dinamikari begira oso partida garrantzitsua da», aitortu zuen Txus Vidorretak igandean. Indautxuko entrenatzailearen iritziz, «berriro asmatzen hasteko parada eman behar digu norgehiagokak; hau da, faltak eta baloiak ez oparitzen ikasi behar dugu, fisikoki gogorrago izaten, eta uztaitik hurbileko egoeretan asmatzen».
Balizko aurkariak
Esan behar talde bilbotarrak Last 16ko L multzoan jokatuko duela. Hauek dira bizkaitarren balizko aurkariak: F multzoko Spirou Basket edo Izar Gorria; Kanaria Handia, Azovmash Mariupol edo el Lietuvos Rytas E multzotik, eta G multzoko Artland Dragons edo Fortitudo Bologna.