GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Gaizkiaren banalizatzea, hori bai arazoa

Bushen laguntza logistiko zuzena eta armak eskuratu nahi izan omen zituen Israelek, Natanzeko lantegi nuklear irandarra bonbardatzeko

Gaizkiaren Ardatzaz hitz eginez esan dio agur Etxe Zuriari Bush II.ak. Egungo mundutar gehienok, eta seguru asko etorkizuneko historia guztiak, gaizkia hain zuzen berarengan ikusiko duela ulertu ezin duen egozentriko ezgauza batengandik ezin zen asko gehiago espero. Aldi berean, bere kopetaren eta denon begien aurrean, Gazan gertatzen ari den gaizkiak bost axola diola argi uzten saiatu da gainera. Gaizkia banalizatzea ez beste zer ote da hori? Ez gaitezen gehiegi aztora, hala ere, genetikoa ere izan daiteke-eta: bere aitaren aldeko bi aitona filonaziei, beharbada, horrelatsu gertatuko zitzaien Hitlerrek zukutzen zituen juduekin.

Zera, eta egunen batean aztertu beharko dugu antifaxista izateko garaia zenean, nazien «eredu berria» estimatua zutenen eta egun Israelen «izateko eta bere burua defendatzeko eskubide» mugagabea -eta, noski, noranzko bakarrekoa- onesten dutenen arteko ahaidetasuna, hain agerikoa askotan. «Ahaltsuenarekiko enpatiaren sindromea» badela (eta ez bakarrik haurtxoen artean) susmatzen hasia naiz.

Hannah Arendtek duela 45 urte hausnartu zuen gaizkiaren banalizatzearen gogoeta eguneratzeko parada ederra eskaintzen baitu Gazako sarraskiak. Joan den larunbatean «NYT»ek Iran-i eraso egiteko Israelek Bush-i eskatu eta honek ukatu bide zion laguntzari buruz argitaratu zuenaren ondoren, jarraipen kronologiko arrunta egitea nahikoa da, gainera, ondorio potoloenak ateratzeko.

Duela urtebete pasa, AEBetako inteligentzia zerbitzuen urteroko NIEak ezeztatu egin zuen Iran arma nuklearrak egitea lortzeko zorian zegoenik eta, aste batzuk geroago, norbaitek hedabideetara helarazi zuen ebaluazioaren mamia. Askok susmatu (eta esan) genuen Bushi bere azken astakeria egiteko bidea itxi nahian ari zela «norbait». Esan gabe doa, bestalde, txostena ez zela Israelen gustukoa izango. Are gutxiago, Hezbolaren aurkako gerra galdu berri zuenean. Eta Irakekoaren galtzaile estrategikoa ere badenean.

Orain jakinarazi zaizkigu joan den udaberri-udako intriga esanguratsuetako batzuk. Bushen laguntza logistiko zuzena eta armak eskuratu nahi izan omen zituen Israelek, Natanzeko lantegi nuklear irandarra bonbardatzeko. AEBek uko egin omen zioten eskariari, erasoaren efektibotasunaz zalantza handiak zituztelako (ofizialki), beren laguntza logistiko zuzenak izango zituen ondorioengatik (ziurki), eta Israelen benetako jokoa zein den igartzeko gai direlako (agian). Israeldar militarismoaren benetako xedea, Iran menderatzea baino gehiago, AEBak kate motzean lotuta edukitzea baita. Batez ere Obama datorrenean. Aliantzan nork agintzen duen dago jokoan.

Nola nahasten den Gaza saltsa horretan? Ekainean, AEBei mesede egitearren, Hamasekiko su-etena sinatu zuen Israelek. Esan eta izan, gainera, israeldarren probokazio eta guzti, azarora arte Gazatik ez baitzen ia misilik jaurti. Baina trukean Olmertek Bushengandik espero zuena ez zen iritsi eta, azaroaren 4an, Obamak irabazi zuen egunean, berriro hilketak egiteari ekin zion Israelek. Geroztik etorri denaren prestakuntza zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo