GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Berdinak ala mendekoak?

Lopezek (PSE-EE) dio bere politikak «herritar berdin» egingo gaituela. Horretarako, ordea, berdintasunaren printzipio unibertsala errespetatu behar da, eta hori da Lopezen politikak urratzen duena. Aurrena, sufragio unibertsala; hau da, euskal herritarrak hautatzeko eta hautatuak izateko eskubidea. Hurrena, eskubideetan berdinak izateko euskal herritarrak ez dira espainol edo frantses bihurtu behar; hots, euskal nortasuna eta naziotasuna Euskal Herri osoan bizitzeko eskubidea. Azkena, espainolek erabakitzea euskal herritarren ordez; adibidez, autodeterminazio eskubidea.

Herrien, nazioen, herritarren, kulturen eta hizkuntzen berdintasunaren printzipioa unibertsala eta orobatekoa da; herri, nazio edo hizkuntza zehatz baten nagusikerian oinarritutako politikekin bateraezina da; testuinguru historiko eta sozialekiko denboragabea eta independentea da.

Nazio, kultur eta hizkuntzen arteko berdintasunaren printzipioak zera eskatzen du: Espainiaren eta Frantziaren nazio esparru, kultur harreman eta hizkuntz erabilera lurraldekoa baldin bada, Euskal Herriarenak ere hala izatea; eta, beraz, euskal herritarrei Espainiak eta Frantziak euren nazioa, kultura eta hizkuntza ez inposatzea.

Euskal hizkuntzaren, kulturaren eta nazioaren asimetria inposatze jarraituaren emaitza da: Inperio espainiarrak eta jakobinismo frantziarrak euren historian zehar burututakoa eta, orain, 1978ko Konstituzio espainiarrak eta Konstituzio frantziarrak egindakoa. Horrenbestez, ez da bidezkoa Euskal Herriaren asimetria nazionala, linguistikoa eta kulturala.

Euskal herritarren eta espainolen arteko berdintasuna errespetatzeko politikak onartu behar du Euskal Herria nazioa dela eta Euskal Herriko hiru milioi herritarrek zein eredu politiko, sozial eta linguistiko nahi duten erabakitzeko eskubidea dutela. Horretarako, Euskal Herriko egungo «demokrazia zero»tik Euskal Herriko hiru milioi herritarren demokraziara igaro behar da. Euskal estatuari, justizia sozialari eta Euskal Herri euskaldunari ateak irekitzeko. Eta horrek nazioarteko legerian oinarria du. Borondate demokratikoa baizik ez da behar.

Berdintasuna ez da espainolek eta frantsesek erabakitzea, Euskal Herria kolonizatzea eta asimilatzea, euskaldunak deserrotzea, espainolak eta frantsesak klonatzeko. Lopezen politikak ez dakar euskal herritarrentzako berdintasunik, uniformatze arrotza baizik: asimilazio eta alienazio nazionalaren indarpean jarraitzea euskal nortasuna desagerrarazteko, Euskal Herri euskalduna, euskal kulturaren nagusitasuna eta nazio burujabetza itzulbiderik gabeko bidean sartzeko, EAJren laguntzarekin.

Hori nahi ez dugunok, Euskal Herrian sufragio unibertsalaren eta demokraziaren alde gaudenok, eman dezagun sinadura udaletxean, Demokrazia 3 Milioi, D3M plataforma hauteskundeetan aurkeztu ahal izan dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo