GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Lurra berreskuratzeko», Urbinara joateko deia egin du AHT Gelditu!-k

Larunbatean du AHT Gelditu! Elkarlanak hitzordu handia, Urbinako plazatik abiatuko baita 12.00etan proiektuaren obrak dauden tokiraino iritsiko den nazio manifestazioa. Bihar ere zita garrantzitsua du, AHT sustatzen duten alderdien egoitzen atarian elkarretaratzeak deitu baititu.

p013_f03_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

Larunbatean, «AHT Gelditu! Lurra berreskuratu!» lelopean, azpiegitura horren kontrako manifestazio nazionala izango da Urbinan. Lakuaren eta Sustapen Ministerio espainolaren jarreraren aurrean, «makro-proiektu honen inposizioa» arbuiatu eta AHTren lanak bertan behera utz ditzaten exijitzeko aterako da kalera AHT Gelditu! Elkarlana.

Eguerdian abiatuko da martxa Urbinako plazatik, eta proiektuaren lanak dauden tokian amaituko da protesta. Manifestazioaren ondotik, berriz, aldarrikapena Gasteizera iritsiko da. Bertako Auzolan frontoian herri bazkaria izango da 15.30ean; Jonu kantautorearekin gozatzeko aukera egongo da bazkalostean gainera. Arratsaldean, Campillo kiroldegian zein Gaztetxean Musikherria mugimenduaren «Musika askeaz, AHT Gelditu» ekimena izango da, makina bat talderen kontzertuekin.

Elkarlaneko kide ugarik agerraldia egin zuten atzo Donostian, eta herri-mobilizazioen bidez AHT geldi daitekeela sinis- tuta, larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. Gainera, manifestazioaren atarian, azpiegitura honen bultzatzaile diren alderdi politikoen egoitzen aurrean elkarretaratzeak deitu ditu biharko Elkar- lanak Euskal Herriko herri askotan; mobilizazio horien bidez, EAJk, PSOEk, UPNk, PPk eta EAk proiektu honen inguruan duten jokaera «antidemokratikoa» salatu nahi dute.

Eraiki nahi duten azpiegitura honek ia Euskal Herri osoan izango duela eragina nabarmendu zuten Mila Elorza eta Hilario Manzanero eledunek, Euskal Y-z gainera, AHTren Nafarroako Korridorea eta Lapurdiko TGV linea berria ere izan baitzituzten gogoan. Horiek guztiek ingurumenean «eragin larriak», errentagarritasun ekonomiko eta sozial «eza» eta gizartea «desegi- turatzen duen garraio-sistema elitista sustatzea» ekarriko dutela adierazi zuten.

Gogor salatu zuten Lakuaren jarrera, «euskal Y» eraikitzeko EAJren eta PSOEren arteko akordioa mantentzeagatik. Lehendakariari ere egin zioten kritika; euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen heldutasuna goratzen duen bitartean, AHTren inguruko eztabaida alboratu izana egotzi diote. Eta UPN azpiegitura honen lanek dakarten «negozioa banatzeko Madrilekin hitzarmena sinatu nahian aritzea» arbuiatu zuten.

Krisi garaian

Bolo-bolo dabilen ekonomia eta energia krisialdia ere mintzagai izan zuten eta, «horren xahutzaile eta kaltegarria» den azpiegitura batean diru publikoa inbertitzea «zentzugabekeria» dela adierazi zuten. Horiek horrela, AHTri ezetz esateko, «inoiz baino arrazoi gehiago» daudela uste dute.

Egungo gizartea «esplotatzailea eta xahutzailea» dela deritzote Elkarlaneko kideek eta, horrenbestez, guztiz bestelako gizarte eredu baten alde lanean ari diren eragile eta norbanakoei dei egin zieten AHTren inguruko eztabaida eta aurkako jarrera zabaltzera.

Gaur, zornotzan

Lurrak desjabetzeko aktak sinatzeko hitzordua izango da gaur Zornotzako Udalean. Hori dela-eta, protestaldia egingo du AHT gelditu!-k, 08.30ean, udaletxeko atarian.

O-15, legorreta

AHT Gelditu! Elkarlanak agerraldia egin zuen iluntzean Legorretan, eta datorren otsailaren 15erako herritarrek hitza hartu dezaten herri galdeketa antolatu dutela eman zuten aditzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo