GARA > Idatzia > > Mundua

Estatu frantsesean 2,02ko jaiotza-tasa dute, gaur egun Europako altuena

Estatu frantsesak jaiotza-tasari dagokionez bikain atera du Europarekin alderatuta. Ezagutarazitako datuen arabera, emakumeek batez beste 2,02 ume dituzte bertan, baina Europako herrialde gehienetan ehuneko hori dezente txikiagoa da, Alemanian eta Polonian, kasu.

GARA |

Ikerketa demografikoak egiten dituen Max Planck Institutuak egin berri duen txostenaren arabera, Europako jaiotza-tasa baxuegia da oraindik ere egungo populazioa mantendu ahal izateko. Salbuespen bakarra, Estatu frantsesa da. Alor honetan, bikain atera du-eta. Belaunaldien berritze naturala bermatzeko, jaiotza-tasak 2,07koa izan behar luke. Balio horretara hurbiltzen den bakarra Estatu frantsesa da, emakumeek bataz beste 2,02 ume baitituzte han. Dena den, ez da beti hala izan Estatu frantsesean. 1993an, 1,66ko jaiotza-indizea zuen. 2006an, biko muga gainditu zuen. Urtebete geroago, ordea, 1,98ra murriztu zen.

Atzetik, Britainia Handia, Irlanda eta eskandinaviar herrialdeak ditu gaur egun.

Adituek nabarmendu dutenez, jaiotza-tasak altuagoak dira iparraldean eta mendebaldean, ekialdean eta hegoaldean baino.

«Adin gutxikoen zainketan, Europako iparraldeak azpiegitura oso garatua du. Gizonek gainera etxeko eginbeharrak maizago hartzen dituzte beren gain eta horrek umeak izatea errazten du», ondorioztatu du Max Planck Institutuak. Ikerketaren emaitzak eta ondorioak bere osotasunean argitara emango dituzte laster «Demographic Research» aldizkarian.

Soziologoek azaldu dutenez, jaiotza-tasa baxuaren eta amen adinaren artean lotura zuzena dago. Lan-segurtasun ezagatik eta ikasketak gero eta gehiago luzatzeagatik, umeak izateko adina nabarmen atzeratu da. 2008an jaiotakoen %21,5en amak 35 urte edo gehiagoko adina zuten.

Estatu frantsesean eta espainolean, Italian, Austrian, Alemanian, Holandan eta Britainia Handian 1997 eta 2006 bitartean etorkinei esker jaiotzak ugaritu ziren. Hala ere, biztanleriaren adina behar baino altuagoa da.

bizi-itxaropena

Bizi-itxaropena luzatzeko joera gelditu eta, emakumeen kasuan, atzera egin duela ohartarazi dute adituek. Hala, 2008an jaiotako emakume baten bizi-itxaropena 84,3 urtekoa zen. 2007an, berriz, 84,4koa zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo