GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Kopa

Ametsek eta ilusioek bere horretan jarraitzen dute

Real Unionek badaki norgehiagoka zaila izango dela, eta are gehiago etxean 0-1 galdu ostean. Hala ere, aukerak izan badituztela onartzen dute.

p033_f01.jpg

Jon LEUNDA | IRUN

Ilusio handiarekin heldu zen atzo Real Union Sevillara, Betis mendean hartu, eta Kopako final-laurdenak jokatzeko txartela lortzeko asmoarekin. Helburua ez dute samurra, pasa den astean 0-1 galdu baitzuten, baina gipuzkoarrek ez dute uste kanporaketa galduta dagoenik, ezta gutxiago ere. Real Madril menderatzea ere ia ezinezkoa zen, baina irundarrek lortu egin zuten, eta ametsak aurrera jarraitzeko itxaropen osoa dute.

Zuri-beltzak atzo goizean abiatu ziren Irundik autobusez, eta afaltzeko sasoirako iritsi ziren Sevillara. Gaur goizean, 10.00etan Sevilla taldearen zelaietan egingo du entrenamendua, eta 20.00etatik aurrera jokatuko dute norgehiagoka.

Iñaki Alonso entrenatzaileak 17 gizon eraman ditu, eta min hartutakoak bakarrik geratu dira deialditik kanpo. Sergio Franciso eta Jauregi, aspaldian min hartuta daudenak, Joseba Agirre -honek ere luzerako izango du-, Gurrutxaga, Berruet eta Gabarain. Gainerakoan, pasa den astean jokatu ez zutenek izango zutela aritzeko parada agindu zuela, eta horrela izango dela ziurtatu zuen Alonsok.

Irundarrek galtzeko ez dute ezer, eta irabazteko asko. 0-1 galduta joanda ez da abiapuntu oso ona, baina gipuzkoarrek talde ona dute, eta gaur ez dute pasa den astean bezala jokatu beharrik izango. Galen Betis izan zen atzean jarrita aritu zena, eta gaur beraiei egokituko zaie aurrera egitea. Kontraerasoan min handia egin dezakete Alonsoren mutilek, Bernabeun egin zuten bezalaxe, eta asmo horrekin zelairatuko dira Ruiz de Lopera estadiora.

Tentsio handia

Betisen, gauzak ez doaz oso ongi. Aurrean ibiltzeko taldea dute, baina atzean dabiltza, eta gaur galduz gero, Chaparro entrenatzailearenak egin du, taldetik botako baitute.

Beraientzat Kopan aurrera egitea baino hobea da Ligan gauzak hobetzea, baina Bigarren B Mailako baten aurka kanporatzea sekulako kolpea izango litzateke, eta are gehiago kanpoan irabaztea lortu eta gero.

Egoera ez da gozoa, eta entrenatzaile beteranoak atzo onartu egin zuen, inor ezin duela gorde, eta dituen onenak zelairatu beharko dituela. Melli, Edu, Juanma, Marc Gonzalez, Juande, Capi eta Monzon baja izango dira, eta Arzu kili-kolo dabil, baina badaezpada ere ez du jokatuko, nahiz eta deialdian egon badagoen. Jokalarientzat ere erronka gogorra da gaurkoa, bai baitakite aurrera ez badute egiten, edo partidan zehar gauzak aldrebesten badira, zaleak ere beren aurka jarriko direla, eta horrek egoera okertuko dutela.

Entrenatzaile andaluziarrak ere, atzo horrelaxe baieztatu zuen: «Bi aurpegiko partida izango da hau. Irabazten badugu, gauza normala izango da, baina gauzak ez baditugu ongi egiten, dena gure aurka jarriko da», esan zuen. Irundarrei buruz ere zera esan zuen: «Talde ona dute, eta kontuz ibili beharko dugu. Hemen inork ez du ezer oparitzen, eta Real Madril kanpoan uzteko gai izan badira, zerbaitegatik izango zen. Aurretik dena eginda dagoela pentsatuz zelairatzen baldin bagara, gaizki ibiliko gara», aitortu zuen Chyaparrok.

Ruiz de Lopera estadioak gaur sarrera bikaina izango du. Bazkideek ez dute ordaindu beharrik izango, eta horrek jendea erakarri egingo du. 30.000 ikusletik gora espero dituzte harmailetan. Bernabeun gehiago izan ziren, baina ez zuten eraginik izan. Gaurkoan ere horrela izatea espero dute zuri-beltzek, eta amaieran final-laurdenetako txartela eskuetan dutela etxeratzea ere bai.

BETIS-REAL UNION
Iñaki Alonso: «Guk geure aukerak ditugu, eta horietaz baliatzen jakin behar dugu»

Iñaki Alonso entrenatzailea konfiantzarekin dago, eta ez du aurrera egiteko inongo itxaropenik galdu. «Guk geure aukerak ditugu, eta horietaz baliatzen jakin behar dugu», aitortu zuen atzo.

Jakin badaki kanporaketa zaila izango dela, baina ez du ilusiorik galtzen: «Beraiek etxean jokatu behar dute, abantaila dute, baina guk geure jokoa egiten badugu izango ditugu golak egiteko aukerak», errepikatu zuen. Joanekoan gehiago merezi zutela ere esan zuen: «Taldeak egindako lanarekin oso gustura geratu nintzen, baina izandako aukerak aprobetxatzea falta izan zitzaigun. Azken batean Betis ikasgaia ongi ikasita zelairatu zen, lanerako prest etorri ziren, eta guri errespetu handia zigutela erakutsi ziguten, eta Lehen Mailako batek Bigarren Bko bati horrelako errespetua erakustea guretzat ona dela uste dut», esan zuen.

Gaurkorako zer amesten duen galdetu, eta zera erantzun zuen: «Bukaeran jendeak gutaz ongi hitz egitea. Horrekin batera, aurrera egitea lortzen badugu, hobeto» .

Bidaia luzea

Irundarrek oso bidaia luzea izan zuten atzo. Goizean abiatu ziren autobusez eta 21.30 aldera heldu ziren. Hala ere, gaur goizean, 10.00etatik aurrera entrenamendua egingo dute Sevilla taldearen zelaietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo