GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Lau hilabateren buruan, bueltan

Gorka Elustondo izango da neguko lehen «fitxaketa»

Alavesen aurkako iraileko derbian min hartu zuenetik, atzo egin zuen lehen entrenamendua eta ez du bere burua larunbateko lehiarako baztertzen.

p036_f01.jpg

J.O.| DONOSTIA

Realzale askoren arreta Loco Abreurekin gertatzen denak erakartzen badu ere, Juanma Lillok atzo izan zuen bere lehendabiziko «neguko fitxaketa», izan ere, lau hilabetez min hartuta egon ostean, Gorka Elustondo taldekideekin entrenatu zen berriz ere. Beasaingoak taldean duen garrantziaz jabetuta, Tolosako entrenatzaileak besarkada batekin hartu zuen erdilaria, peto berdea soinean zuela, Zubietako berdegunera irten zen unean.

Beste batzuen artean, lesioak dira Realaren aurtengo ibilbideko oztoporik garrantzitsuenetako bat eta, Xabi Prieto eta Diaz de Zeriorekin gertatu bezala, denboraldiko unerik gozoenetako batean zegoela hartu zuen min Elustondok, Alavesen aurkako derbian, korner batean buruz baloia langara bidali eta gero. Irailaren amaiera hartan oso larria ez zirudien orkatilako bihurritua uste baino larriago gertatu da eta hilabete gogor batzuen ostean, Gorka Elustondo berriz ere futbolean jokatzeko irrikitan da.

Oraindik ere, hanka bendaz lotuta eta plantila berezi batzuk jantzita aritu beharra dauka erdilariak eta, oraindik ere min apur bat duen arren, jasangarria den artean, eramaten ikasi beharra daukala argi du Elustondok.

Sentsazio positiboak

Taldetik at horrenbeste denbora eman ostean, atzoko entrenamendua taldekideekin amaitze hutsa garaipen handia izan zen eta oso gustura zen beasaindarra. «Gaur hasi naiz entrenatzen eta nahiko sentsazio onekin, minak hor dirau batzuetan, baina eramaten jakin beharko dut», esan zuen.

Jasan duen bihurritu gogorrarekin, arazotxo horiek normalak ei dira eta medikuek esan diotenaren arabera, posible da denboraldi guztian ez desagertzea, baina pixkanaka-pixkanaka ohitu beharra dauka eta bere buruarengan konfiantza berreskuratu behar du.

Seinale da entrenamenduan bere burua ondo sumatu zuela, izan ere, erritmo falta nabaria duen arren, ez zuen bere burua Levanteren aurkako larunbateko partidarako baztertu nahi izan, nahiz eta jokatzea zaila izango duela inork baino hobeto jakin. «Ez dut ezer baztertu nahi, baina oso zaila izango da. Oraindik ez ditut saioak amaitu, baina pixkanaka ikusten joan behar dugu. Hori bai, hobe ahalik eta bizkorren izatea. Ez dut eperik jarri nahi, ikusi dudalako orkatilak jartzen dituela epeak, entrenamenduak egingo ditut eta neure burua ondo ikusten dudanean entrenatzaileari jokatzeko moduan nagoela esango diot. Gero berak erabaki dezala jokatu behar dudan ala ez».

Azken hilabeteetan bizitakoak -«hezurrean hartu nuen kolpea izan da osatze prozesua luzatzearen erruduna»- zuhurra izaten laguntzen diote Elustondori, izan ere, oso une gogorrak izan baitira. «Fase asko izan ditu, esaterako, lesioa izan eta hilabetera erresonantzia bat egin zidaten eta lotailuak ez zeudela ondo jakitea kolpe gogorra izan zen. Gero, beste egun batzuetan zelaira ariketa batzuk egitera irten eta orkatilak erantzuten ez zuela ikusteak ere min handia egiten du. Orain arte sekula ez dut halako lesio larririk izan eta ez da samurra, ea ez dudan halakorik berriro izaten».

Gainera, taldearen eta Realzale guztien pozerako, Xabi Prieto, Sergio eta min hartuta egon diren gainerako jokalariak osatu dira -Diaz de Zerio falta da-, eta horrek are gogorragoak egin ditu gimnasioan bakarrik eman beharreko orduak, inoiz «etsita geratzeraino».

River se enroca y sigue impidiendo la llegada de Sebastián Abreu

A pesar de que Juanma Lillo señaló el viernes que entendía que la salida, o no, del Loco Abreu hacia Donostia se iba a decidir para uno u otro lado enseguida, River Plate sigue oponiéndose a la salida del delantero uruguayo, que sigue empeñado en recalar en la Real.

Una importante cantidad económica que los millonarios adeudan al uruguayo está centrando la negociación

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo