GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Bigarren Mailako Binakako Txapelketa

Cabrerizo eta Beroiz izan dira lehen jardunaldiko kaltetuak

Aspekoek 22-9 galdu zuten Mendizabal eta Zabalaren aurka Labriten, eta ostiral honetan beste erronka zail bat dute Getarian Iker Arretxe eta Argoteren kontra.

p039_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Lehen mailako lehiaketaren itzalpean, bigarren mailako Binakako Txapelketak bere lehen jardunaldia jokatu zuen aurreko asteburuan. Aukera ona izan zen bikote bakoitzaren indarrak neurtzeko eta lehen ligaxkak har dezakeen norabideaz jabetzen hasteko. Mota guztietako partidak izan ziren: emaitza estukoak batzuk eta markagailuan kolorerik gabekoak besteak.

Ostiral arratsean jokatu ziren lehen bi partidak. Errioxan, Baños de Rio Tobiako Barberito I.a pilotalekuan, txapelketako bikote indartsuenetako bik jokatu zuten elkarren aurka. Olaetxeak -egungo Lau eta Erdiko txapelduna bigarren mailan- eta Argotek -azken bi urteetan zilarrezko Binakakoan txapeldun- ezin izan zuten 22ra heldu Del Rey eta Galartza VI.aren kontra (22-18). Urretxuko Ederrena pilotalekuan, berriz, Aritz Lasak garaipenarekin estreinatu zuen Asperekin jokatzen duen aurreneko txapelketa ofiziala. Arrutirekin 22-13 menderatu zituen Belloso eta Eskudero.

Emaitzarik argiena larunbatean iritsi zen Iruñean. Aratz Mendizabalek eta Ibai Zabalak aise garaitu zituzten Cabrerizo eta Beroiz (22-9). Argi ibili beharko dute Aspekoek, ostiral honetan beste bikote indartsu baten aurka jokatuko baitute Getarian: Olaetxearen ordez jokatuko duen Iker Arretxeren eta Jokin Argoteren kontra. Garaipena lortzen ez badute, sailkapena oso zail jarriko zaie aurrelari soriarrari eta atzelari nafarrari.

Astelehenean, azkenik, lehen jardunaldiko partidarik estuena jokatu zuten Tolosan Saralegi-Apraiz eta Berasaluze IX-Urberuaga bikoek. Garaipena bigarrenentzat izan zen 22-20 eta balantze nagusia Asperen alde jartzea lortu zuten: 3-1.

Bigarren jardunaldia etzi hasiko da Zumarragan eta Getarian.

AUKERAKETAK

Astebururako material aukeraketak gaur hasiko dira lehen mailako txapelketan. Bengoetxea VI.a-Beloki eta Titin III.a-Pascual Mungian izango dira 11.30ean. Olaizola I.a-Patxi Ruiz eta Gonzalez-Barriola Getarian elkartuko dira 11.30ean. Bihar Iruñean eta Tolosan izango dira hitzorduak.

E. IRRATIA SARIA

Bi jardunaldi jokatu ostean, Abel Barriola dago pilotari onena saritzen duen Euskadi Irratia Sariaren aurreneko postuan, 105 punturekin. Iñigo Pascual dago bigarren (96) eta Gonzalez hirugarren (81). Bigarren jardunaldiko onena Barriola izan da 60 punturekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo