GARA > Idatzia > > Iritzia

Laura Mintegi Idazlea

Kafkaren herrian, esperpentoa nagusi

 

Politikagintzak albiste esperpentikoak eskaintzen dizkigu, kafkiarrak, «ez da posible, ezin liteke», esanarazten digutenak. Ruperrek abestia idatzi zuen jakin zuenean Josu Muguruza Madrilen tiroz erail zutela, 31 urte zituela. Ane Muguruza hilabete pare bat geroago jaio zen. Orain 19 urte ditu, martxoaren 1eko hauteskundeetan hautagai izan nahi du, eta dagoeneko Rubacalbak parlamentaria izan ez dadin ahalegin guztia egingo duela esan dio, D3M legez kanpo utziko baitute. Beldurra ematen du ondorioak ateratzeak, «ahalegin guztia» zer izan daitekeen imajinatzea. Beldurgarria da injustiziaren tamaina.

Esperpentikoa, kafkiarra da Nafarroako Gobernuaren ekimena. Comisión Organizadora 2012 du izena eta (sic) Nafarroako konkista, 1512an suntsitua, zanpatua, birrindua izan zela ospatzea du helburu. 824an sortua, Iruñeko Erresuma garaiko estatu burujabea zen. Zazpi mendeko historia zuen, eta 1512an armen indarraz bereganatu zuen Gaztelak. Hori ospatu nahi du Sanzek. Nafarroak mina sorrarazten digu nafarroi, min etsia, negar isila darion mina. Josemari Esparzak jakingo du nola kanporatu mina artikulu batean. Egizu, motel.

Izugarria ez balitz, irrigarria litzateke Antonio Basagoitiren eskaera. Hezkuntza, Kultura eta Herrizaingo Saila eskatu ditu PPrentzat. Eta zergatik? Hori da galdera. Atzerakoiak dira, baina ez dira tontoak. Jakin badakite zeintzuk diren ideologiaren transmisiorako zutabeak, eskola eta pentsamendua, eta horregatik nahi dituzte Hezkuntza eta Kultura. EAJren lehentasunak, aldiz, Herrizaingoa eta Ogasuna izan dira beti, eta Hezkuntza hurkoaren eskuetan utzi ohi dute (PSE eta EA). Pentsarazi egin beharko lieke PPren eskaerak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo