Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Etsaia beharrezkoa da
Mundu osoak sarraskien aurrean erakusten duen nazka eta arbuioa Torah aintzat hartzen ez duen moral arrotz eta kanpotarra da. Ez dago zertan errurik sentitu umeen gorputz zatiak erraustutako kale batean barreiaturik ikustean, Yahvek horrelaxe nahi baitu, horrela juduen bizitzak salbatzen badira
Sionistek, yankiek, espainolek... denek behar dute etsairen bat. Gerra eta hondamendi artean gobernu hauek guztiek ondo baino hobeto dakite zelan jokatu eta euren burua boterean zilegitzeko modurik arin eta errazena horixe dela: herritarren begietara guztiz ezinbesteko agertu behar dutela, etsaiaren aurrean defenda ditzakeen bakar moduan agertu.
Herritar gehienak ez dira zoriontsuak, ez dute sekula lortzen aurrean duten azenarioa, bizitza osoa horren atzetik ibili arren eta, horrela, euren egunerokoan gutxiagotasun-konplexuarekin bizi diren lagun horiek guztiek nagusitasun moral, erlijioso eta, batez ere, armamentistikoa ikusten dute islaturik telebistako pantailan eta, futbol partidetan gertatzen den legez, pluraleko lehen pertsona erabiltzen dute etengabean, gobernu eta soldaduen «garaipenak» goraipatzean: «Gure mutilak benetan ondo egiten ari baitira horiek guztiak suntsitzen». Behingoz beren bizimodu tristeetan zerbait irabazten ari dira.
«Etsai» kontzeptua herri inperialista eta zapaltzaile guztiek duten axioma da, hau da, begi-bistako egia, azalpenik behar ez duena, egia horrek berez biltzen duelako beste guztiaren egia. Israelen kasuan, gainera, kutsu erlijioso eta arrazista hats higuingarri bilakatzen da, jainkoak berak aukeratutako herria delako beraiena eta jainkoak berak agintzen duelako.
Horrela, Gobernuaren laguntzaile, errabinoak izaten dira soldaduen eta israeldar herritar guztien balizko «oztopo» moralak ezabatzeko ardura dutenak. Judu bakar baten bizitzak juduak ez diren milaka lagunenak baino askoz balio handiagoa daukala baieztatzen entzutea ez da arraroa, eta ez da harrigarria mundu osoak beren sarraskien aurrean erakusten duen nazka eta arbuioari ez ikusiarena egitea, Torah aintzat hartzen ez duen moral arrotz eta kanpotarra baita hori. Ez dago zertan errurik sentitu umeen gorputz zatiak erraustutako kale batean zehar barreiaturik ikustean, Yahvek horrelaxe nahi baitu, horrela juduen bizitzak salbatzen badira.
Abenduaren 28an Israelgo 150 judu inguru bildu ziren Tel-Aviven «haur palestinarrak hildako bonbardaketen» kontra protesta egiteko. Ez zen poliziarik behar izan manifestari hauek etxera bidaltzeko. Euren herrikideak arduratu ziren horretaz, irainka eta arrautzak jaurtiz. Etsaiaren kontrako estrategiarekin bat egiten ez duen oro etsai bihurtzen da.
Gezur interesatu baten gainean eraikitako estatua da Israel, eta gezur horiek puzten eta korapilatzen jarraitzea da interes horiek bizirauteko modu bakarra. Jendeari informazio bonbardaketek memoria ere kendu diote. Horregatik ez da arraroa Antena3eko Henrique Cymermanek Hamasek boterea estatu kolpe baten ondorioz lortu zuela esatea. Edota Charles Krauthammer-en «perla» hau: «He ahí la asimetría entre Hamás e Israel por lo que a medios se refiere. Pero es que también se da en el terreno de los fines. Israel tiene un único objetivo en Gaza: la paz, las relaciones abiertas y normales que ofreció a la Franja cuando se retiró de ella en 2005, haciendo algo que jamás hicieron los turcos, los británicos, los egipcios, los jordanos: dar a los palestinos, por primera vez en la historia, un territorio soberano».