Joxe Mari Landa HEA Kultur Elkartearen idazkaria
BECentzat euskaldunok ez gara (Cristina Campori gutuna)
Andre hori: Egunotan jaso dugu gure elkartearen izenean -HEA Kultur Elkartea- BECeko Directora Departamento de Visitantes delakoaren gutun bat, Cristina Campo andreak sinatua. Bertan BECen burutzekoa den El salon de las Manualidades feriari buruzko informazioa ematen zaigu, antza, eta bertara joatera gonbidatu-edo.
«Antza» diot, zeren gutuna gaztelania hutsean idatzita heldu baitzaigu; eta gu euskaldun izaki, ez baitugu oso argi gonbit hori geuri ere zuzendu ote zaigun.
Nola liteke, baina, «Bilbao Exhibition Centre es una entidad participada por el Gobierno Vasco, la Diputación Foral de Bizkaia, el Ayuntamiento de Bilbao, el Ayuntamiento de Barakaldo y la Cámara de Comercio de Bilbao» euskaldunok bazter batera uztea geure herrian bertan?
Ez dakit zer pentsatu; axolagabekeria ala lotsagabekeria ote? Bietarik askotxo delakoan nago ni.
Ez dut zalantza egin nahi, halere, urratze barkagaitz hori albait arinen konponduko duzuela eta, horrenbestez, laster jasoko dugula, gainontzeko herritarrekin batera, informazio hori euskaraz.
Edozelan ere, jakizu bidali omen diguzun informazio hori ez dugula gure elkartean jaso eta, beraz, ez duela ematen inongo eraginkortasunik izango duenik gure artean.
Protokoloaren aginduz, zuk gurekin izan ez duzun adeitasunez agurtzen zaitut.