Iruña-Veleia, itxaropenetik zirku mediatikora, kudeaketa negargarri baten eskutik
Atzo Iruña-Veleiako aztarnartegiaren zuzendari ohi Eliseo Gil Arabako Batzar Nagusietan izan zen. Bertan, espero bezala, batzorde zientifikoaren txostenaren ondorioak «partzialak eta zalantzagarriak» direla esan zuen eta, beraz, ezin dela esan aurkikuntza epigrafikoak faltsuak direla. Iruña-Veleiako aurkikuntza ustezko iruzurra da, baina, oroz gainetik, kudeaketa negargarri baten historia. Arabako Aldundiko aurreko taldearen eta Lakuako Kultura Sailaren zabarkeriaren ondorio. Aldundiko egungo Kultura Sailak, irizpide onez, batzorde zientifikoa eratu zuen, baina Arabako ondare historiko-kulturalak merezi duen seriotasunaz jokatu ote duten zalantza geratu da. Izan ere, lan hori behar den lekuan aurkeztu eta eztabaidatu beharrean, neurri batean zirku mediatikoaren osagai bihurtu zen. Horrela jarraitu dute aldeek atzo arte, eta aztarnategiaren inguruko kontu honetatik ondorio kaltegarriak baino ezin dira atera. Herritarren itxaropena zapuzteaz gain, zenbaitek Arabaren euskalduntasuna ukatzeko aukera ikusi dute, ezjakintasunetik baino areago interes politiko jakinetatik. Eta ezin ahaztu Lurmen enpresako hainbat langile lanik gabe geratu direla.