GARA > Idatzia > > Mundua

Grezian izaniko hainbat atentatu bere gain hartu du Borroka Iraultzailea taldeak

Borroka Iraultzailea izeneko taldeak bere gain hartu ditu Greziako Poliziaren eta Shell petrolio-ustiategiaren egoitzaren kontrako atentatu saiakerak. Hala, abenduaren 5ean polizia baten kontra tiro egin zuela, eta polizia autobus bati ere eraso egin ziola adierazi du, besteak beste.

GARA |

Grezian azkenaldian izandako atentatuak bere gain hartu ditu Borroka Iraultzailea taldeak, «Pontiki» astekariari bidalitako zortzi orriko komunikatuan. Testu osoa gaur emango dute argitara.

Besteak beste, urtarrilaren 5ean Kultur Ministerioaren kanpoaldean, Exarchia auzoan (Atenasen erdialdean) zeuden hiru polizien kontra tiro egin izana aitortzen du. Horietatik bat larri zaurituta eraman zuten erietxera, eta harrezkero haren egoerak ez du onera egin. Gau horretan, ezezagun batek Mega irrati pribatura deituz adierazi zuen erasoaren egilea bera zela, baina inork ez zion sinesgarritasunik eman.

Era berean, abenduaren 23an, polizia talde bat istiluak jazartzera zeraman autobusa tirokatu zutela adierazten du. Atenasen gertaturiko eraso horretan Kalashnikov fusilak erabili zituzten. Ez zen hildakorik izan.

Shell petrolio enpresak Paleo Faliro auzoan duen egoitza pasa den urriaren 24an bonbaz erasotzeko saioa ere bere gain hartzen du. Leherketa gertatu baino minutu batzuk lehenago, ezezagun batek haren kokapenaren berri eman zuen telefono dei baten bidez. Poliziak lehergailua indargabetu zuen.

Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadako erasoa ere taldearen ardura izan zela adierazten du. 2007ko urtarrilaren 12an gertatu zen. Suzirien jaurtiketak kalte materialak eragin zituen eraikinean.

2006ko maiatzean, orduko Kultura ministro Georges Vulgarakis hiltzen saiatu zen. Haren etxetik gertu bonba bat jarri zuen. Bi urte lehenago, 2004ko maiatzaren 5ean, polizia-etxe baten kontra egin zuen. Ehun egun besterik ez ziren falta Greziako Olinpiar Jokoak hasteko.

Borroka Iraultzailea, 2003an sortua, EBko «talde terroristen» zerrendan sartuta dago.

ordainsaria

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak eta Greziako Poliziak bi milioi eurotako ordainsaria eskaini dute taldearen kideak atxilotzeko informazioa ematen dutenentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo