GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Arangoitiko bizilagunek mobilizatzen jarraituko dute igogailuaren auzian desadostasuna agertzeko

GARA |

Arangoitiko Bizilagunen Asanbleak, atzo izandako prentsaurrekoan, igogailu berriak auzoan eragiten ari den arazoen aurrean mobilizatzen jarraituko duela adierazi zuen.

Bizilagunek igogailuaren obrekin eta emaitzekin «desadostasuna» agertu zuten, eta, alde horretatik, Alaitz Argandoña, Bilboko aipatu auzoaren asanbleako bozeramailetariko batek, gogora ekarri zuen «obren jarraipenetan parte hartzerik ez zutela izan».

Lakuara ere helduko dira

Argandoñak argitu zuen mobilizazio gehiago izango direla eta «Eusko Jaurlaritzaraino ere iritsiko direla, honek ezer egiten ez badu». Obretan izandako «irregulartasunak» ere salatu zituen, izan ere, igogailua askotan gelditu da eta hainbat irristapen egon dira, eta lagun batek zauriak izan zituen.

Igogailuaren inagurazio «goiztiarra» udalak hartutako erabaki bat izan dela nabarmendu zuen auzo taldeko eledunak, bere aburuz, «autobusen zerbitzuko kostea ez ordaintzeko».

Iazko apirilaren 16an, Gasteizko Legebiltzarrean adostutako hiru puntuak «ez direla bete» salatu zuen ere Arangoitiko Bizilagunen Asanbleak prentsaren aurreko agerraldian. Horregatik, Argandoñak «berehalako konponbideak» eskatu zizkien ardurak dituzten instituzioei, eta, horregatik, auzoan ez ezik, Lakuako egoitzan ere mobilizazioak egingo dituztela argitu zuten.

Hasiera batean, Arangoitiko igogailuaren eraberritze lanei sei hilabeteko epea eman bazieten, hamalau hilabete daramatzate egiteko honetan. Horregatik, auzotarrek beren kezka agertu dute ez dakitelako zenbat denbora gehiago beharko duten beharrezkoa duten gailua erabili ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo