GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Astigarragako txot irekira

Aspaldiko sagardorik «bertakoena» dakarren denboraldia zabaldu dute

Hamahiru milioi litro sagardo. Aurten ere ez da inor egarri geratzeko arriskurik izango. uzta handia izan dela esan dute sagardogileek, eta lortutako emaitza primerakoa dela nabarmendu. Upelak irekitzearekin batera, txotx egitera bildu zen jendea, eta, itxura guztien arabera, sagardoa ez dago, ez, muzin egiteko.

p023_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

«Sarrera onekoa eta freskotasun askoko sagardoa da, garraztasun eta alkohol mailaren artean dagoen oreka ona dela-eta. Ahoan iraupen luzeko sagardoa, garraztasun altuarekin, oldarkortasun gehiegi eman gabe». Gisa honetan definitu dute atzo abiatu zen sagardo denboraldiko kupeletan aurkitu dena.

Aspaldiko urteetako sagar uztarik handiena izan da pasa den hau. Orotara, euskal sagastiek 10 milioi kilo sagar eman dituzte.

Eguraldiaz hain kexu garen egunotan, sagardogileek euren egokitasuna goraipatu zuten. «Neurrizko eguzkiak eta tenperatura erregularrei esker, sagar gehiago eta handiagoak izan dira aurten».

Hain zuzen, Petritegi sagardotegiko Jokin Otañok ere sagarrondoen oparotasuna hartu zuen ahotan. «Aspaldi honetan izan den sagar kantitaterik handiena izan da eta guztiak hartzeko nahikoa lan izan da, kanpoko sagarzaleekin ere harremanak mantendu behar baititugu». Hala eta guztiz ere, aurtengoa inoizko sagardorik «bertakoena» da.

Kantitateaz harago, sagarraren kalitatea ere maila handikoa izan dela nabarmendu dute, eta horri esker, «aromatikoagoa, ahoan freskoagoa eta fruitu zitriko askokoa» da aurten kupeletan aurkituko den sagardoa, Joxe Angel Goñi Sagardun partzuergoko arduradunak jendez lepo zegoen Sagardoetxeko aretoan azaldutakoaren arabera.

Interes mediatikoa

Orain hamabost urte hasi ziren Astigarragan sagardo denboraldiari ofizialki hasiera ematen ekitaldi ponpoxoarekin eta pertsonaia ezagunak bertaratuta. Orduz geroztik kirolariak, sukaldariak, ikertzaileak... izan dira hain ohiko bilakatu den «Hau da aurtengo sagardo berria!» oihukatu dutenak. Aurtengoan Aimar Olaizola pilotariari egokitu zaio berak «ohore gisa» definitu duen betebeharra, pilota arloan egindako markak eta sagardoaren munduarekin duen lotura medio. Eskerrak jaso zituen sagardozaleen partetik, Astigarragako Udalaren aldetik, baita udaletxetik kanporatua izan den ezker abertzalearen eskutik ere. Haiek eskerrik beroenak eman eta zera eskatu zioten: «Astigarragako giro eta sagardorik onena hartu, eraman eta zabal ezazu frontoietatik barrena».

Ohikoa da kasu hauetan protagonistari sagardozaletasunaren gainean galdetzea, baina atzokoan alferrikakoa, aitortua baitio Goizuetako pilotariak estimu handia sagardoari eta zaletasuna, «gauza guztiek bezala, bere neurrian».

Sagarrondoa abilezia handiz aldatu, bertaratutako makina bat haur eta helduxeagoei autografoak sinatu eta leporaino betetako Petritegi sagardotegian «Hau da Astigarragako sagardo berria» oihuarekin zabaldu zuen ofizialki denboraldia, eta lehertu zen flash zaparrada. Horrenbestekoa, argazkilarien eskaera, ezen berriz ere upeletik sagardoa hartu eta basoa altxa beste erremediorik ez zuen izan, «Aimar! Aimar!» batetik, «begira orain hona!» bestetik, «Aimar errebotera!» handik... Ohitu, akaso, eta amaieran berriz ere keinua egiteko prest, «zer, beste bat?» esanaz, inguruan zituen kazetari mordoaren gozagarri. Izan ere, kupela artean sartu ezinik, leku egokia harrapatzeko komeria ederra zuten. Tartean New Yorketik bertaratutako kazetariak ere bai, mugimendu oro galdu nahi ez eta, begiak plateren antzera zabalduta... Euskal kulturaren gaineko erreportajea osatzea dute enkargu, eta noski, sagardotegietako giroa biltzea ezinbestekotzat jo dute.

Umore puntua jartzen berriz, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak, zirt eta zart, Aimarri loreak bota eta sagardoak pilotariak adinako errematea eta kalitatea izan dezan eskatuz.

Nekez esango du sagardogileren batek iazkoa baino «zaputzagoa» den sagardoa lortu dutela, baina badirudi edari honek ez duela sabairik joko, urtetik urtera «hobea» delako. Txotx inguruan bildu ziren sagardozale, kazetari eta instituzio eta elkarteetako ordezkariek ez zioten behintzat muzin egin, kupel batetik eta bestetik, sagardoaren arintasuna, freskotasuna, zitrikotasuna... konfirmatu beharra zegoen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo