GARA > Idatzia > > Ekonomia

Bizkaiko gizarte langileen grebak erantzun itzela izan duela esan dute sindikatuek

Sindikatuen arabera, Bizkaiko gizarte arloko 2.500 langileetatik %60 inguruk egin zuen greba atzo. Arlo horretako langileek baldintza ekonomiko hobeak aldarrikatzen dizkiete patronalari eta instituzioei.
p031_f02_149x097.jpg

GARA |

Bizkaiko gizarte-langileak grebara deitu zituzten atzokoan CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Deialdiak «arrakasta itzela» izan zuen eta langileen %60 inguruk hartu zuen parte sindikatuen arabera. Lanuzteaz gain, manifestazioa egin zuten Bilbon 1.000 pertsona inguruk, Gizardatz patronalaren egoitzatik abiatuta.

2.500 langile inguru dituen sektoreak «blokeo» egoera bizi du lan hitzarmenari dagokionez. Iazko irailean apurtu zen negoziaketa Gizardatz patronalarekin. Sindikatuek hitzarmen duin bat aldarrikatzen dute, besteak beste, sektorearen lan baldintzak progresiboki instituzio publikoetako langileen baldintzekin pareka daitezen. Izan ere, langileek izaera publikoa duten ekintzetan lan egiten dute, entitate pribatuekin egindako azpikontratazioen bidez.

Nekez 1.000 eurotik gora

Jende gaztea, emakumeak asko, gehiengoa unibertsitateko titulu akademikoduna da, eta kasurik onenean 1.000 euroko soldata garbia nekez gainditzen du sektore honetako langileak.

Sindikatuen hitzetan, atzoko erantzunaren ostean patronalak «mugimenduren bat egin eta bere jarrera aldatzea» espero dute. Eta adierazi zuten gatazka honetan patronalaz gain, badirela beste «errudun» batzuk ere, instituzioak alegia, diputazioa, udalak nahiz Gasteizko Gobernua. Beraien aldarrikapenak aintzat hartzen ez badituzte protesta gogortuko dutela ohartarazi zuten. Oraingoz, urtarrilaren 28rako ere lanuzte eguna deitu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo