GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Hitza baino geratzen ez denean

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Maindire zuriz estali zaizkigu hiriko kale, errepide eta teilatuak. Zerutik etorritako elurrak soineko zuriz jantzi ditu asfaltozko kale bazterrak. Hondartzako hondarrak ere, ohiko lur kolorea erantzi eta beroki zuria jantzi du antzokiko agertokia. Eta kalea bera, agertoki bilakatu den urtarrila zuri honetan, antzokiak ondasunez beteta datoz, atsotitzak dioen moduan, «elur urte, gari urte».

Joan den astean, telebistako Buenafuente ezagunaren «Terrat Pack» antzezlana ikusteko aukera izan genuen Kursaalen. Eta opor eta opari egunak amaitu zaizkien haur tristeek ere izan zuten Antzoki Zaharrean amesteko aukerarik, «Bailando entre girasoles» antzezlanarekin. Eta gure artean egoterik ez duten bi artista handi entzun eta sentitzeko aukera ere izan genuen Victoria Eugenia antzokian, dantza eta poesiaren bidez euren besarkada hunkigarriaz gozatzeko. Joan berri zaigun Laboaren eta joana izatera behartuta dagoen Sarrionandiaren hitz eta kantuak. «Hnuy Illa» ikuskizunean. Baina horiek guztiak antzoki epeletan izan ziren, egunotako benetako ikuskizunetik at, espektakulua, kalean izan baita, elurretan. Eta bertan ere, izan ziren elurrak kikildu ez zituen artista ausartak, azken erresistentziakoak, noski, LaRessistens taldekoak.

Eta krisi ekonomikoa eguraldiaren aurreikuspena bezain aldakorra eta nahasia den egun hauetan, ez dakigu elurrezko ikuskizun gehiago izango ote dugun. Eta bien bitartean, zain geratu beharko dugu, elur edota Godoten zain. Izan ere, Samuel Beckett-en klasiko honek badu gurearekin zerikusia, gauzak aldatuko dituen zerbait horren zain egote bitarte horretan, ematen baita bizitza bera. Baita hitza ere. Maisu handi honek, hitza aldarrikatzen zuen, hitzaren boterea. Eta hitza baino geratzen ez denean, laster gurean izango dugun Paco Ibañez datorkit gogora. Eta honen ahotik entzungo ditugun Blas de Otero ren hitzak: «Si he perdido la vida, el tiempo, todo lo que tiré, como un anillo al agua, si he perdido la voz en la maleza, me queda la palabra. Si he sufrido la sed, el hambre, todo lo que era mío y resultó ser nada, si he segado las sombras en silencio, me queda la palabra. Si abrí los ojos para ver el rostro puro y terrible de mi patria; si abrí los labios hasta desgarrármelos, me queda la palabra».

Horixe zen Beckett poeta, idazle eta dramaturgoaren zentzua, lagun mina eta baita maitalea ere. Hitza. Isiltasunaren bitartezko isiltasun tanta bezala definitzen zuen eta honek badu Ibañezekin zerikusia, baita Blas de Otero bilbotarrarekin ere, eta Hernaniko Gabriel Zelaiarekin ere bai, eta Mikel Laboa eta Joseba Sarrionandiarekin ere bai. Antzerkia, poesia, edota kantuaren bidez artista hauek guztiek gauza bera ematen baitute aditzera. Hitza. «...Es lo más necesario: Lo que no tiene nombre. Son gritos en el cielo, y en la tierra son actos...»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo