GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jon Bilbaok 27 urte bete ditu preso, eta Jose Angel Biguriri 10 urtez luzatu diote zigorra

Jon Bilbao Moro euskal preso bizkaitarrak 27 urte beteko ditu aste honetan preso. Hala, bere auzokideek haren omenezko ekitaldia antolatu dute iganderako. Jose Angel Biguriri, berriz, biziarteko zigorra jarri diote.

GARA |

Euskal preso politikoek pairatzen duten espetxe politikaren ondorioz, asko dira dagoeneko hamar, hamabost eta hogei urte baino gehiago kartzelan eman dituzten errepresaliatuak. Batzuk hogeita hamar urte betetzeko bidean ere badira. Horietako bat da Jon Bilbao Moro preso bizkaitarra; aste honetan 27 urte beteko ditu kartzelan.

Egoera hori salatzeko, eta herrikidearen askatasuna aldarrikatzeko, heldu den igandean omenaldi-ekitaldia egingo dute Astrabuduko (Erandio) Josu Murueta plazan, 13.00ean.

Izan ere, amnistiaren aldeko mugimenduak atzo nabarmendu zuenez, 1982ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuten indar polizial espainolek Jon Bilbao, eta bederatzi egunez inkomunikatuta izan ostean espetxeratu zuten. Astrabuduko auzokide honek polizien aldetik jasotako torturak salatu zituen.

«27 urte hauetan zenbatezinak dira ezagutu dituen espetxeak eta zenbatezinak bere etxekoek eta lagunek egin dituzten kilometroak», aipatzen du amnistiaren aldeko mugimenduaren oharrak. Gaur egun Alacanteko Fontcalent espetxean -bere herritik 750 kilometrotara- dagoen errepresaliatuak 2002tik kalean egon beharko lukeela ere gaineratzen du. Aipatutakoa nahikoa ez balitz, zoritxarreko urtemuga hau ebakuntza baten zain dagoela igaroko du Jon Bilbaok.

Urte hauetan guztietan, Estatu espainolak ezarritako sakabanaketa politika ondo ezagutu dute Bilbaok eta bere senideek, besteren artean Carabanchel, Puerto, Herrera, Alcala, Sevilla, Mallorca, Tenerife, Jerez de la Frontera, Algeciras eta Alacanteko kartzeletan egon baita espetxeratuta.

Jose Angel Biguri Menagaraiko preso politikoa 1989an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta 2010eko ekainaren 9ra arteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

«Biziarteko espetxe zigorra»

Hala ere, beste euskal preso politiko askori gertatu bezala, agintari espainolek Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina aplikatu, eta «biziarteko espetxe zigorra» ezarri diote. Horiek hala, 2019ko azaroaren 8ra arteko zigorra bete beharko du.

Bestalde, Gradignaneko kartzelan dauden Lorentxa Gimon hendaiarra eta Marian Aramendi zestoarra banatu egin dituzte, Gimon duela gutxi epaitu baitute. Egun, bi presoak bakartuta daude, eta berriz elkarrekin jarri arteko borrokaldia abiatu dute. Egunotan gainera, hainbat preso aldatu dituzte kartzelaz: Amets Ladislao algortarra eta Maria Lizarraga iruindarra, Sototik Valencia III eta Villenara aldatu dituzte, hurrenez hurren. Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrak, berriz, Kordoba eta Jaenetik, Navalcarnero eta Valdemorora, diligentziak direla-eta. Lezamako Iñaki Bilbao Puerto II-tik Valdemorora eraman dute. Juankar Iglesias donostiarra, berriz, Valencia III-tik Villenara itzuli dute. Mikel Uzkudun donostiarra, aldiz, La Santé-tik Soto del Realera eraman dute estraditatu ostean.

ekitaldia etzi

Jon Bilbaoren auzokideek omenaldi ekitaldia antolatu dute igandean, Astrabuduko Josu Murueta plazan, 13.00ean, bizi duen egoera salatzeko eta bere askatasuna aldarrikatzeko.

lezama

Asteazkenean, 25 bat ibilgailuk osatutako auto-karabana eta 50 lagun bildu zituen elkarretaratzea egin zuten Lezaman, Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren hamabi euskaldunei babesa adierazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo