GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baionako sutea eragin zuen gizona hildako emakumearen bikote ohia zen

p016_f02_87x72.jpg

GARA |

Etxerik gabeko 38 urteko gizona atxilotu zuen asteazkenean poliziak bere neskalagun ohia hil zuen «sutea pizteagatik». Gizonak sua piztu izana onartu zuen galdeketan eta orain atxilotuta dago Baionako kartzelan. Bizitza osorako kartzela zigorra jaso lezake, «hildakoa eragin duen sutea nahita pizteagatik» salaketa kriminala egin duelako fiskaltzak.

Ikerketaren lehen emaitzek beheko pisuan gasolinaren arrastoak zeudela azaleratu zutenean Polizia susmagarriaren bila joan zen. Hildako emakumearen kontrako haserre handia erakutsi du senargai ohiak, eta fiskaltzak «gorrotoa» aipatu zuen galdeketan erakutsi zuen jarrera definitzean.

Ustezko hiltzailea Haute-Marne departamentukoa bazen ere ezaguna zen Baiona inguruan, urte asko zeramatzalako Angelu eta Biarritz hirietan bizitzen. Ez zuen ez lanik, ez etxebizitza finkorik ere.

«Psikologikoki ahula»

Fiskaltzatik jakinarazi dute ikerketak aurrera jarraituko duela; hala, autopsia egingo da, eta tokiaren ikerketa eta susmagarriaren azterketa psikologikoa ere eginen dira. Ustezko hiltzailea «psikologikoki pertsona ahula» dela ere zabaldu du fiskalak. Baionako alde zaharrean ezaguna zen alkoholari loturiko arazoengatik.

Hedabideetan oihartzun handia duten auzietan esku hartzeagatik ezaguna den Gilbert Collard abokatuak afera honetan parte hartuko duela jakinarazi du. Atzo Parisetik Paueko epaitegira inguratu zen gertakarien berri izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo