Sei urtez isilik egon ondoren, Arrasateko Ekon taldea maiatzean itzuliko da bira berri batekin
Eszena metalikoa dinamizatzeko asmoz, 1994. urtean sortu zen Ekon taldea Arrasaten. DJ bat, bi korista, aurrez grabatutako soinuak eta nazioarteko metalak duen indar eta egur guztia erabili zuten horretarako.
GARA | ARRASATE
Euskal metalaren talde garrantzitsuenetako bat izan zen Ekon. 2003an bere bat-bateko agurrak -lan arrazoiek bultzatuta batez ere-, ezustean harrapatu zituen euskal musikaren jarraitzaile gehienak. Atzean geratzen ziren kaleratutako hiru diskoak: «Zurrunbilo kaotikoa» (Mil a Gritos Records, 1998), Carlos Creatorrek ekoiztua, «Etnia» (Mil a Gritos Records, 2000) eta «Salatzen dut» (Gor Diskak 2002), azken biak Soziedad Alkoholikako Jimmyk ekoiztuak. Zer esanik ez zehaztasun eta maisutasun ukaezinez eskainitako ehunka kontzertuez. Azkena, 2003ko urrian izan zen Arrasateko gaztetxean. «Gure baitan betirako gordeko dugun kontzertu hura izan zen hamar urteko ibilbide ahaztezinean zehar gure alboan egondako pertsona guztiei agur esateko eduki genuen modua». Taldearen itzulera sekulako albistea da, musika eszenari emango dion aberastasuna kontuan hartuta. «Azkenekoz oihala itxi ondoren xisterak gorde genituen, gure sugarrak itzali egin ziren eta gutako bakoitzak nork bere bideari ekin zion. Geroztik, askotan egin dugu topo abentura hura gurekin bizi eta hura gogorarazi diguten lagun ugarirekin; gure abesti eta kontzertuek beraientzako izan duten garrantzia ikusteak emozioz bete gaitu eta bizitakoa errepikatzeko nahia piztu du gugan».
Taldea
Momentu honetan Ekon taldea kide hauek osatzen dute: J. Sangre, ahotsa, Yago Goronaeta, gitarra, Iñigo Bakero, baxua, Xabi del Rey, gitarra, Heloy Galan, bateria eta Ion Encina eta Libe, bigarren ahotsetan. Atzean gelditu dira Ines, Gose bere proiektu berrian buru-belarri sartuta dagoena, eta Naiara, Euskal Herritik kanpo bizitzen ari baita. Hala ere, taldeak ez du horiek kontzerturen batean agertzeko aukera alboratu. Esan beharra dago Ekon taldeko kideek dituzten proiektu paralelo ezberdinek aurrera jarraitzen dutela. J. Sangre Governos taldean dabil, Iñigo eta Yago Cool Circus rockanrolen parte dira, Heloyk Bergarako talde garrantzitsuenetakoa den Fly Shit-en ari da eta Libek Neubat gasteiztarren teklatuan eta «go-go» moduan jarraitzen du.
«Zirikatzen jarraituz 9002»
Datorren maiatzaren 14ean hasiko du Ekonek 2009. urte amaierara arte luzatzeko asmoa duten bira. «Zirikatzen jarraituz 9002» izena jarri diote eta Bilboko Kafe Antzokian izango da lehenengo emanaldia. Taldekideen esanetan, kontzertuetan zenbait hilabetetan zehar prestatzen ibili diren muntaia ikusgai egongo da. «Muntaia berri hau bere garaian Ekonen bereizgarri zen ikuskizunarekiko aurreranzko pauso handia izango da». Taldearen zuzeneko bortitzak eta eszenaratze berritzaile eta biziak, piroteknia, DJak, graffitia eta beste batzen zituena, jende asko zur eta lur utzi zituen eta jarraitzaile multzo handia lortu zuten bere garaian. Bira honetan ere egongo da ezusteko ikusgarririk.
Taldea: Ekon.
Bira: `Zirikatzen jarraituz 9002´
Lehenengo kontzertua: maiatzaren 14a.
Lekua: Kafe Antzokia, Bilbo.