Aipagarriak
Gastronomia Zientzien Unibertsitatea sortuko dute Donostian
2011tik aurrera Gastronomia Zientzien Unibertsitatea martxan jartzea du helburu Mondragon Unibertsitateak. Fakultatea Donostian ezartzea da asmoa eta mundu osoko sukaldariak hartzea da helburuetako bat, hezkuntza «berritzaile eta kualifikatua» eskaintzeko. Egitasmoaren diru inbertsioa zenbatekoa izango den ez da jakitera eman oraindik, baina dagoeneko Euskal Herriko sukaldari ospetsuenen babesa jaso du etorkizuneko unibertsitate berri honek.
GARA | DONOSTIA
Gastronomia zientziak aztertuko dituen lehenengo unibertsitatearen kokaleku izan daiteke Donostia 2011tik aurrera. Bertan nazioarteko profesionalak hezteaz gain, goi mailako sukaldaritzaren inguruko ikerketa bultzatuko litzateke. Mondragon Unibertsitateko -Mondragon kooperatibari atxikitako zentroa eta egitasmo horren bultzatzailea- iturriek azaldu zutenez, proiektuaren helburua Euskal Herrian zein Estatu espainolean antzeko ezaugarriak dituen lehenengo unibertsitatea da. Europan bigarren zentroa izango litzateke, oraingoz bakarra Italian baitago.
Egitasmoa aurrera eramateko Mondragon Unibertsitateak Euskal Herriko sukaldari ospetsuenen babesa jaso du. Horien artean daude Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz eta Karlos Arguiñano. Bestalde EAEko zein Estatu espainoleko instituzioen baiezkoa ere jaso du. Horrela, sustatzaileak harremanetan jarri dira dagoeneko Estatu espainoleko Zientzia eta Teknologia Ministerioarekin, Lakuako Gobernuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin proiektuaren finantzazioa adosteko. Dena dela, oraindik ez den jakitera eman egin beharreko inbertsioa zenbatekoa izango den.
Mundu osora
Zentro berri horrek mundu osoko profesionalak hartuko lituzke eta, Gastronomia Zientzien fakultate bat sortzeaz gain, I+G+B zentro bat ere izango luke. Horrela, prestakuntzaz gain, goi mailako sukaldaritzaren ikerketa eta industria gastronomikoak biltzen duen guztia ere bultzatuko luke. Mondragon Unibertsitatearen arabera, era horretako heziketa «berritzaile eta kualifikatuak» Euskal Herriko zein Estatu espainoleko «gastronomiaren informazio eskaintzak duen hutsune garrantzitsua beteko du». Egun esparru horretan lor daitezkeen titulazioak Lanbide Heziketara bakarrik heltzen baitira. Gastronomia Zientzien Unibertsitate berriak goi sukaldaritzako edo sukaldaritza-arte titulazioak emango ditu, eta graduondoko eskaintzak ere izango lituzke, bultzatzaileen arabera. Beraien iritziz, egitasmo horrek Euskal Herria «nazioarteko erreferente» bilakatuko du esparru horretan, eta «euskal sukaldaritzaren jarraipena ziurtatuko du» goi mailako gastronomiaren eta berrikuntzaren polo gisa.
Gastronomia Zientzien Fakultate bat sortzeaz gain, I+G+B zentro bat ere izango luke. Horren bidez, goi mailako sukaldaritzaren ikerketa eta industria gastronomikoak biltzen duena ezagutzea da asmoa.