GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Israelek laguntza humanitarioa bonbardatu du

Gazako sarraskia geldiarazteko su-eten baterako akordioen gaineko zurrumurruak izan dira egunotan. Horien arabera, herenegun Hamasek eta atzo Israelek Egiptoren proposamena onartu zuten, baina gertakariek erakutsi dutenetik urrun zeuden. Hamas su-eten akordioa onartzeko prest agertu zen, baina zenbait baldintza jarrita, hala nola Israelen tropak Gazatik ateratzea eta blokeoa bertan behera uztea. Atzoko eraso gogorrek, berriz, argi utzi zuten Israel noraino zegoen su-etenerako prest. Besteak beste, ospitale bat, kazetarien egoitza bat eta Nazio Batuen Erakundearen iheslarien gunea bonbardatu zituen. Egoitza horretan laguntza humanitarioarekin iritsitako elikagaiek su hartu zuten. Ez da lehen aldia Israelek NBEren egoitza bati eraso diona, ezta laguntza humanitarioa babesteko hitza jan duena. Hortaz, ez da ausartegia giza laguntza galarazi nahi duela uste izatea. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon haserre agertu zen atzo, eta Europako Parlamentuak su-eten «berehalako eta iraunkorra» exijitu zuen. Hala ere, Ban Ki-moonen haserreak eta Europako Parlamentuaren eskaerak ez dirudite Israelen jarrera aldarazteko neurri eraginkorrak, ezta hurrik eman ere. Eta izan bada halako neurririk. Baina abian jartzeko, esate baterako, Boliviaren eta Venezuelaren bideari jarraitu beharko liokete, Europar Batasunak Israelekin dituen lehentasunezko harremanak hautsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo