GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Baionan hildako emakumea, ustez, jarrera onartezin eta ohiko baten biktima

Ustez, iragan igandean Baionako etxe batean izan zen sutea nahita eragin zuten. Baliteke haren ondorioz hil zen emakumearen bikotekide ohiak eragin izana, eta Poliziak atxiloturik dago. Sutearen ustezko eragileak, fiskalaren arabera, profil psikologiko zaila du eta ez dago egiletza ziurtatzerik. Hildakoa, ordea, emakumea da, hori gauza ziurra da. Edozein dela kausa, edozein inguruabarretan, bikotekideak edo bestek jipoitutakoa, bortxatutakoa edo, Baionako kasuan bezala, hildakoa beti emakumea izateak zer pentsatua eman beharko luke. Ezin baita ohitura arrunt gisa ikusi eta deitoratze hutsean geratu. Izan ere, eta Baionako gertakariak argitzeko zain, emakume horren heriotza ez da salbuespen bat izan. Emakumeen aurkako indarkeria ohikoa da, egunerokoa. Joan den urtean Euskal Herrian sei emakume hil ziren indarkeria horren ondorioz, baina muturreko kasu horien atzean eraso zerrenda amaigabea dago, eta gizarteak inola ere onartu ezin dituen pentsaera eta horri dagokion jarrera. Baionan hildakoak aurtengo zerrendako lehen postu tristea bete lezake, eta haren atzean badira, halaber, esandako pentsaera eta jarreraren beste hamaika adibide.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo