GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Zurrunbilo mediatiko hau guztia ezker abertzalea kriminalizatzeko saiakera da»

p013_f02_6411.jpg

Iñaki Errazkin
Azpetiko alkatea

Hiru hamarkada luzez jeltzaleen agintaritza baino ezagutu ez duen herriari aldaketa haizeak ekarri zizkion 2007ko ekainetik aurrera Iñaki Errazkin buru zuen Alkatetzak. Adostasunean oinarriturik, sakoneko herri-eredu aldaketa bultzatu du ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek osatzen zuten Udal Gobernuak. Bi alderdiok, aldiz, abenduan ituna bertan behera utzi, eta biharko zentsura mozioari ateak ireki dizkiote.

Gari MUJIKA |

Bihar, 12.00etan, EAJren zortzi zinegotzien bozei Eusko Alkartasuneko bat gehituko zaie, horrela ezker abertzalearen Alkatetza kenduz Azpeitian. Ordaine- tan, azken hiru hamarkadetan gidari aritu den alderdi jeltzalearen eredua ezarriko dute berriro ere. «Samin eta min handia» eragin duen gertaeraren ondoko egun gogorrak igarota, biharko zentsura mozioa lasai hartuko du Errazkinek. Hala adierazi dio GARAri, oraindik paperez lepo zuen bulegoan hartu ondoren.

Nola ikusten duzue zuen aurkako biharko zentsura mozioa?

Hilabete pasa da jada Inazio Uriarena gertatu zenetik, eta ordutik hasi ziren zentsura mozioa gora eta behera.

Barneratuta daukagu, ez onartuta, baina barneratuta bai, gertaeraren inguruan egon den joko guztia. Helburu argi bat izan du: ezker abertzalearen bazterketa lortzea. Eta Azpeitian ikusi da horretarako aukera bat ireki zaiela, gu Alkatetzatik botata.

Urteetan, baita Azpeitian ere -neuri ere tokatu zait ilegalizazio egoera batean jardun beharra-, orduan eman ziren arrazoi berak dira orain ematen dituztenak. Honen guztiaren atzean eraikita dagoen ingeniaritza juridiko-politikoa ezker abertzalea alboratu eta baztertzeko dela ikusten da, konponbide baten inguruan ez dutelako une hauetan urrats sendorik eman nahi.

Baina, gainera, zuen aurkako zentsura mozioa ez da lehenbizikoa izango. Hirugarrena da.

Bai. Alkatetza hartu genuen lehen egunetik hasi ziren berriro kentzeko saiakerak. Alderdien arteko tirabira horietan, mamu hori gainean ibili zen.

Garai horretan gobernu akordio bat egin genuen, aurretik; eta, zentzu horretan, bageneukan oinarri bat eraso eta horrelako egoeren aurrean barrura egiteko, herrian bertan eta herrira begirako akordioa zelako. Eta alternatiba bat eta politika egiteko aukera berri bat eman zitzaiolako herri bati.

Hori izan da Azpeitian martxan jarri duguna, eta hori da atzera bota nahi dutena. Mozio etikoen kontuarekin ere, Arrasatetik igaro eta gero, Azpeitira iritsi ziren. Orduan lortu ez zutena, oraingoan egiten ari dira; urte eta erdian ezpata hori etengabe izan dugu buruan.

Azken aste hauek gogorrak izan dira Azpeitian. Nola bizi izan dituzue? Eta nola ikusten duzue herria?

Garbi dago herrira min handia eta samin handia iritsi dela azken hilabete honetan. Gertatu dena gertatuta, inoiz ezin zaio kendu daukan garrantzia eta larritasun hori. Hori horrela da. Eta oraindik horrela bizi dugu. Eta guk geuk ere bai.

Egunean bertan esan genuena berresten dugu eta zintzoki planteatuz, gainera, nahiz eta batzuek zintzotasun hori kendu nahi izan, baina hemen herriak bizi izan duen samin hori geure barruan eraman dugu. Eta hala eta guztiz, nik uste, samin hori, maila batean, aprobetxatu nahi izan dute, orain egitera doazen zentsura mozioa gauzatzeko.

Baina, lehenengo eta behin, gertatu zen egun berean esan genuena berretsi behar dugu, oso garrantzitsua baita guretzako. Horrelako gertaeren aurrean, berriro gerta ez dadin, lan egiteko konpromisoa agertu genuen orduan, eta gaur ere bai.

Gero sortu den zurrunbilo mediatiko hori guztia, hein batean, gu kriminalizatzeko izan den saiakera bat da. Aurrera begira, herri honen arazoa konpondu nahi badugu, hori baino saiakera zintzoagoak egin beharko ditugu denok.

Joko bat egon dela diozu.

Hemen, gertaeraren aurrean, gure burua eskatu dute. Horren bila joan dira eta horren aurrean gaude. Jakinda, gainera, horrek konponbideari ez diola inolako mesederik egiten, justu kontrakoa baizik.

Halere, guk beti esaten dugu besteek esan dezatela nahi dutena, guk konponbidea, konponbidea eta konponbidea aldarrikatuko dugula. Eta hori da eman nahi dugun erantzuna: elkarrizketa eta negoziazioaren bidez, konponbidea. Hori da egun hartan esan genuena eta guztietan esan nahi duguna.

Hori esan zenutenean, Udal Gobernuko kideak ziren EAk eta Aralarrek bertan behera utzi zuten akordioa, eta zeuei leporatu hautsi izana. Baina irakurri zenuten adierazpenaren balioa are handiagoa da, izan ere, bi alderdi horiekin batera adostu zenuten idazkia izan zelako, Udal Gobernua osatzeko lau puntutako akordio haren baitan.

Gobernu taldea uztea, presio mediatikoaren aurrean ihes egiteko modu bat izan da.

Baina, urte eta erdian, hiru alderdien aldetik, Udalaren aldetik, ez dugu besterik esan. «Gertatutakoak gertatuta ere». Eta gertatu dira. Baina hori zen elkarrekin adostu genuena.

Gure artean orduan adostutakoa hor dago; berretsi eta mahai gainean jartzen dugu orain ere. Egoera zailenetan ere, zerk batzen gaituen ezagutarazteko mezua zabaltzen jakin behar dugula uste dut. Zoritxarrez, ez zen hori gertatu.

(Elkarrizketa osoa gara.net webgunean aurkituko duzue).

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo