GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal dantza munduko dantzekin batzen duen ipuina da «Urraska»

Zarena Zarelako elkarteak sortutako «Urraska» lan ikusgarria estreinatuko da gaur Baionako antzoki nagusian, eta bihar bigarren emanaldia eginen da. Koldo Ameztoyren ahotsak familia baten ibilbidea aurkeztuko du hogei dantzarik istorioa antzezten duten bitartean.

p043_f02_148x104.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Hamar musikari eta hogei dantzari «familia baten istorioa dantzaren bidez kontatzeko», azaldu zuen Maritxu Moleres dantzariak. Pacale Lascanok sortu du koreografia, eta oholtza gaineko artistekin batera, Koldo Ameztoy ipuin kontalariaren ahotsa entzunen da Bizkaiko familia baten nondik norakoen berri emanez.

Benoit Lamerain musikariaren ideia eta konposizioei jarraiki, estreinatu baino lehen arrakastatsu bilakatu da ikusgarria. Gaurko emanaldirako sarrera guztiak salduak dira, eta biharko emanaldirako gutxi batzuk gelditzen dira.

«Gure ikusgarriaren berezitasuna istorioa da, euskal dantza eta munduko dantzak uztartzen dira, baina garapen narratibo batekin. Guk emozioak sorrarazi nahi ditugu ikusleen artean, amodioa, sufrimendua, ilusioa...», erran zuen Moleresek.

Mundaka eta Gernika arteko familia baten ibilbidea kontatzen du dantzak 1910. eta 1960. urte artean. Lau pertsonaien bizitza bost agerralditan kontatzen da. Bakoitzak bizitzaren momentu bat erakusten du. Agerraldi ezberdinen artean Koldo Ameztoyren ahotsak familiaren nondik norakoak kontatzen ditu, entzunezko ilustrazioekin batera.

Dantzari dagokionez ere, berritasunak proposatzen ditu «Urraska»k. Euskal dantzan oinarrituriko ikusgarria da, baina beste dantza mota batzuk ere badute tokirik. Estilo eta jatorri ezberdinetako dantzak uztartu dituzte euskal dantza tradizionalarekin. Irlanda, Georgia eta Bulgariako dantzak tartekatzen dira emanaldian zehar, Afrikako dantza folklorikoei ere egiten zaie keinua.

Estilo ezberdin horiek ikuskizunean zehar nola agertzen diren horrela azaldu zuen dantzariak: «Bi dantza mota daude «Urraska»n. Lehena tradizionala da, errealitatea irudikatzen duena. Gero ametsetako denbora dugu, dena sorkuntza da eta bertan toki ezberdinetako eta estilo ezberdinetako dantzak elkartzen dira».

Azken urteotako lanaren berri ere eman zuen Moloresek: «Duela bi urte hasi ginen ikastaro bat egiten gure dantza hobetzeko eta munduko beste dantza batzuk ikasteko, sorkuntza hau garatzeko helburuarekin».

Musika, dantza eta ahotsa dira protagonista, baina jantziek ere toki garrantzitsua hartzen dute ikusgarriaren eszenografian. Ikuslea historiako hainbat garaitara eramaten duten janzkerek. «Urraska»rako propio Catherine Krausharrek egindako arropak dira dantzariek soinean agertzen dituztenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo