GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

Emakumeen liga

Hondarribia-Irun Estudiantes ahularen kontura berpiztera joan da Madrilera


GARA | HONDARRIBIA

Lau partida jarraian galdu ditu azken asteetan Hondarribia-Irunek. Horiek hala, Emakumeen Ligako sailkapenaren beheko aldera hurbiltzen ari da Txingudiko taldea. Orain artean bost partida irabazi eta bederatzi galdu dituzte, eta Estudiantes ahularen aurka Madrilen 19.00etatik aurrera jokatuko duten neurketa, arnasa hartzeko ez ezik, berpizteko ere baliagarri izango zaie Joan Albert Cuadraten neskei.

Emakumeen Ligara igo berria da Estudiantes eta uneotan hamabigarren dira; hamalau neurketaren ostean hiru baino ez dituzte irabazi. Alabaina, kontuz ibili beharko dute euskaldunek, madrildarrek talde gaztea eta irregularra duten arren, jokalari onak dituzte-eta. Hala nola Wickoff pibota eta Rush hegalekoa, bai eta Hondarribia-Irun taldeko jokalari ohi Andrea Csaszar pibota ere.

Lourdes Pelaezen itzulera

Esan behar gaur arratsaldeko partidan Lourdes Pelaez hegaleko kanariarrak «debuta» egingo duela Hondarribia-Irunekin, duela bi urte Extremadurara joan ostean. Ondorioz, gipuzkoarrek errotazio jokalari on bat eskuratu dute. Horrez gain, beste pibot baten bila ari dira euskaldunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo