GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EAJk eta EAk gaur «alderdi lege propioa» aplikatuko dutela esan du Beitilarrangoitiak

«Etika» hitzaz baliatu arren, gaur Azpeitian eztabaidatuko den zentsura mozioa, EAJk eta EAk sortutako «Alderdi Lege propioa» dela ohartarazi du Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak. «Sabin Etxean ala Madrilen diseinatu», biek ala biek ezker abertzalea erakundeetatik kanpo uztea dutela helburu, eta era honetako ekimenak irtenbidea lortzeko bidean ez dutela laguntzen baieztatu zuen. EAri gainera, horren inguruan hausnarketa egin dezan eskatu zion.

p013_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

Azpeitiko Udalak gaur eguerdian ebatziko du Iñaki Errazkin alkate independentistaren kontrako zentsura mozioa. Boza emateko ordu gutxi falta zirenean, «hausnarketarako gonbita» luzatu zion EAri Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak. «Mozio honek konponbideari ekarpena egiten al dio?», bota zuen galdera.

Nahiz eta «etika» hitzaz apainduta aurkeztu, hernaniarrarentzat EAJk eta EAk egindako «Alderdi Lege propioa» da bihar Azpeitian aplikatu nahi dutena.

Bien bitartean, Gobernu espainola ezker abertzaleko udal taldeak desegiteko prozesuan murgilduta dagoela gogoratu, eta aurkeztu berri den D3M herri plataforma bera ere ikertzeko eta ilegalizatzeko makineria martxan jarri duela salatu du. Horiek horrela, Beitilarrangoitiaren esanetan, «aldibereko bi ilegalizazio saiakera» ezarri dituzte Euskal Herrian.

Konponbidea. Horixe da, alkatearen arabera, ezker abertzalearen eta herritarren gehiengoaren nahia, eta hori nola erdiesten den ere argi azaldu zuen: «Indarkeria espresio guztiak gainditu eta herritarrok gure etorkizuna defendatu eta erabaki ahal izango dugun agertoki demokratikoa lortzea». Horiek horrela, ezker abertzalearen kriminalizazio edo legez kanporatzea helburu duten ekimenek, norabide horretan «inondik inora ez dutela laguntzen», baieztatu zuen.

Alkatearen arabera, une honetan «errudunak bilatu baino soluzioak bilatu behar dira». Eta eragile eta alderdi orok irtenbide hori lortzeko «elkarlanean» aritu behar dutela esan zuen.

Unai Ziarreta buru duen alderdiarentzako hitzak ere izan zituen, eta ETA salatzen ez duen alkate batek zilegitasunik ez duela dioten bitartean, beren hitzetan «politika sarraskijalea» egiten duen EAJrekin bat eginez alkatea kargutik kentzea «zilegi al den?» galdetu zuen.

Beitialarrangoitiaren ustez, agerian gelditu da EAk «Sabin Etxean diseinatutako estrategiaren aurrean men egin» duela. Are gehiago, «hala erabakita edo erabaki gabe», PSOE eta PPk ezker abertzalea alkatetzetatik kentzeko duten estrategiarekin ere «bat egin izana» leporatu zion EAri.

Hernaniarrak argi du zein den Madrilen zein Sabin Etxean diseinatutako estrategiaren xedea: «Garbi esan ditzagun gauzak, indar independentistak instituzioetatik kanpo utzi nahi dituzte». Hori egiteko arrazoia, etorkizuneko agertoki demokratikoa lortzeko ahaleginetan ezker abertzalea «motor nagusi» izatea dela adierazi zuen.

Nahi ala ez nahi, EAk estrategia honekin «bat egin duela» azaldu ondoren, Azpeitian agertuko duen jarreraren inguruan hausnar zezan eskatu zion. «Zergatik alboratzen du gobernu eta gestio berri eta alternatibo baten alde lehen egindako apustua, berriz EAJko alkate despota bat jartzeko? Alegia, zergatik Busturian posible dena ez da egingarria Azpeitian?», itaundu zuen.

Bukatzeko, Hernaniko alkateak «hitzak baino ekintzak» eskatu zizkion EAri, eta era honetako erabakiekin polo soberanistaren inguruan esandakoek sinesgarritasuna galtzen dutela argitu zuen. Aurrerantzean, «esaten duena ekintzekin bete dezan» eskatu zion EAri.

D3Mk alkate independentisten sinadura bildu du

Azpeitiko zentsura mozioa salatzeaz gain, beste hainbat alkate independentistekin batera, D3M plataformak hauteskundeetara aurkezteko aukera izan dezan bere sinadura eman zuen Beitialarrangoitiak. Komunikabideen aitzinean gainera, bi arrazoi nagusi eman zituen herritarrak sinatzera gonbidatzeko, haren ustez, plataforma honi babesa ematea, «Alderdien Legeari ezetz esatea eta euskal herritarrak euren etorkizuna erabakitzeko agertoki demokratikoari baietz esatea» da. Jada milaka herritarrek sinadura eman dutela ere esan zuen.

Bestetik, LAB sindikatuak bat egin du Demokrazia 3.000.000 plataformaren sinadura bilketarekin, eta hauteskundeetan parte har dezan «kalean zein lan esparruetan borroka» egingo duela jakinarazi du sindikatu abertzaleak. O.L

mehatxuak

Aste honetan, Orkatz kultur elkartean egileak sinatu gabeko ohar bat jaso dute, hurrengo hildakoa tabernan ibiltzen den norbait izango dela mehatxu eginez. Bestalde, Ertzaintzak mehatxu egin die gaurko elkarretaratzea antolatu dutenei, Madrilera diligentziak bidaliko dituztela esanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo