GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Joxean Agirre Agirre Soziologoa

Hiru miloi gara eta iritsi da eguna

Agirrek Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren analisi sakona burutu du gaurkoan. Kontsignetatik haratago baina lan politikoaren garrantzia baztertu gabe, «abertzalegoaren hegemonia PNVren estoldetatik ateratzeko» sektore independentisten indarrak biltzearen garrantzia azpimarratu du. Jeltzaleen eta PSOEren ezintasunak kontuan hartuz, «konponbidea nahi ez duten eragileek egingo dituzten hipotesiei kasu egin gabe» egin behar dela aurrera ondorioztatu du.

Aspaldi agortu ziren ideia zaharrak. Lekutan daude ukazioaren markoa urre-hautsez hornitzeko ahaleginak. Amaituta dago ere aukera politiko eta sozial berriei muzin egin eta ezikusiarena egiten duten eragileen garaia. Demokrazia zero egoera honetatik ateratzeko nork bere burua aintzat hartu beharko du, eta nazio klabean pentsatu eta jokatzen duen albokoaren kontzientzia hartuz, geldiezina den dinamika abiatu. Energia hori askatu nahi du D3M ekimenak. Gure jendartea astindu nahi du, ariketa xumea baina bizkorra eginez: Euskal Herria libre eta demokratikoa izan dadin berezko interesa duen populazioaren dimentsioa eta indarra baliatzea. Horretan gaude asko eta asko, eta inertzien lozorrotik ateratzeko abiapuntua finkatuta dago: sektore independentisten indarrak bildu beharra dago, abertzalegoaren hegemonia PNVren estoldetatik ateratzeko. Iritsi da eguna, azkenik, eta korapiloa askatzera goaz.

Bi urte luze joan zaizkigu ring antzeko jokaleku batean; denbora horretan, PNV eta PSOEren arteko ezkutuko akordioen sakonera bistakoa zen arren, ezker abertzaleak ez du bere alternatiba errotu. Errepresioak eta ilegalizazio estrategiak gure eraginkortasuna higatu dute, eta negoziazio prozesuaren errautsak oraindik hoztu gabe zeudelarik, euskal jendarteak nekez bistarazten zuen iniziatiba politikorik. Ez gurean, ez inon. Zabalduriko konfrontazio zikloaren gogortasuna ez da hutsaren hurrena izan, baina jende gehienak gogoko ez duen ikusmoldea egonkortzea ez du lortu; izan ere, atsekabea eta nekea ikaragarri hedatu dira, baina konponbidearen aukera inoiz baino urrunago ikusiz. Batzuen nazka, besteen etsipena, eta tartean, ezaxola. Inoiz baino garbiago agertzen ari ziren gatazkaren terminoetara heldu ez eta konfrontazioaren bazterretan ikusi du bere burua pertsona eta eragile askok. Jende gehiegik esango nuke, bai behintzat eraginkortasuna baldin bada edozein estrategiaren neurria.

Eta halere, dinbi-danba ibili garen beste garaietan bezala, muturreko zuri-beltzean txertatu dugu kolore tanta berria, une gogorretan indartu baitu asmamena herri honek. Errepresiozaleen erronka azken muturreraino eramaten saiatu direnean batik bat, proiektu independentista sustatzen duen herri sektoreak berak ekarri du argia agertokira. Ziklo politikoen arteko bidegurutzean ezker-eskuinera begiratzen urteak eta urteak ematen dituzten beste eragileek ez bezala, ezker abertzaleak arriskatu egin du behin eta berriro, eta aldaketa politikoaren nolakotasuna ez ezik, gatazka gainditzea eta eskubide guztiekiko begirunea ere aldarrikatu ditu akordio beraren baitan. Bere burua abertzaletzat daukatenen artean burutu zen Lizarra-Garaziko saiakera, eta estatuekin zuzenean zazpi urte geroago, klabe demokratikoan marko berri bat eraikitzea bidezkoa zelakoan. Bietan behea jo zuen esperantzak, baina irakaspen ugari utzi ziguten mahai gainean zapuzturiko bi saiakera horiek. Orduz geroztik, ezker abertzaleak historikoki bultzatu duen abertzaleen indar bilketarako baldintzak eta ibilbidea dezente argitu direlakoan nago. PNVk, bai Lizarra-Garazin, bai Loiolan, kalkulu txikiak eta zilegi diren ezberdintasun politikoak alde batera utzita, erabaki bat hartu zuen, behin betiko ziurrenik, bere norakoa finkatzekoan. Soberanista-independentisten proiektuaren alde ez dute egingo, ez behintzat harik eta kanpo geratzeko arriskua barruan egoteko egokiera baino handiagoa den arte. Duintasun politikoaren sabotajegile profesionalak dira jelkideak, eta Imaz, Urkullu edo Egibar kolore askotako pieza aldagarriak besterik ez dira. Pieza bakarreko PNV behar lukeen honetan, «kontzertu politiko» berria proposatu dute. Elkarlana, perspektiba historikoa eta ildo politiko estrategikoa Madrilera begira jarri dituzte, hegemonia politikoa eta kudeaketa ekonomikoa eskutik helduta baitatoz. Beren interesak gailenduta, Euskal Herria, nazio proiektua, leherrarazi dute. Edo norbaitek uste al zuen futbol selekzioaren izen ofizialarekin sortutako iskanbila soilik harrokeriagatik egin dutela? Sabinoren hezurkiak berriz lurperatu dituzte, sakonago, doilorrago, baina sustraiak sendotu gabe ezinezkoa da geroan adarrak luzatzea. Badakite, eta beldur dira, gainbehera datozen neurrian are biluziago ikusten ditugulako.

PSOEko gangsterrek galarazi zuten esparru juridiko-politikoa zabaltzeko aukera, eta orduz geroztik jo eta su jardun dute izua hedatzeko ahalegin itsuan. Errepresio eta ilegalizazio estrategiaren mugak inoizko zabalenak dira egun, eta ustezko mozkinen itzal gozoan aterpetzen dira. Tradizioa txertatze-lana bada, irtenbide polizialaren apologiak eta praxiak gidatzen dute, egun bederen, Rodriguez Zapateroren jarduna. Errepresioa datu politiko nagusitzat hartzea arriskutsua da Euskal Herrian. Politikari askok hartu dute erretiro-agiria diskurtso horren arrakalan. Soldaduz jantzita, EAEko erdigune soziologikoan bi hanka finkatu nahian, PSE Ajuria Enea konkistatzera doa, lehendakaritza erdietsiz edo lehendakari jelkidearen ibilbide-orria kontrolatuz. Eta litekeena da helburu horietako bat lortzea. Jai du, ordea, ezker abertzalea desgerrarazteko xedearekin, eta jai dugu besteok ere, jakina, egungo posizio eta indar korrelaziotik, PSOEk edo PPk, berdin dio, Euskal Herria aitor dezan edota marko demokratiko baten negoziazioan bidaide izan ditzagun. Orain arteko jardute lerrotik oso zaila zaigu Estatuaren posizioa higatzea. Izan ere, konfrontazio zikloaren luzatzeak egoera belzten du, baina ez du ekarriko atmosfera garbituko duen ekaitzik.

Beraz, jorratu nahi dugun bidea benetan gauzagarri egitea da gakoa, konfrontazio politikoaren baitako aukerarik hoberenean gure proiektu politikoak izugarrizko potentziala baitu. Erresistentziaren logika bakarra hori da, ez besterik. Indarrak bildu aurrera egin ahal izateko. Eta aurrera egiteko, blokeoaren bizkarrezurra kraskatzea beste aukerarik ez dugu. Hori lortze aldera, PNVri egin diezaiokegun kalterik handiena abertzalegoaren joko zelaian irabazteke dugu: hegemonia politikoa. Eta, halaber, Estatuei planteatu diezaiekegun enbidorik seguruena lehentasunezko interlokutore politiko bihurtzea da. Bi aldagai horiek gure alde jartzean zabalduko zaizkigu ate berriak, Rubalcabak berak ere ixterik ez dituen horiek. Azken finean, Euskal Herriaren borondatea eta nahi politikoa osatzen duten hiru miloi pertsona horien gehiengoa proiektu soberanista eta ezkertiar baten dinamikan lerrokatuz gero, iruzurraren aukerak oso hanka motzak izango ditu. Biziraupen hutsaren tentazioak, ordea, ez daukagun indarra idealizatzera eta behar ditugun aliantzak gutxiagotzera garamatza. Ziklo politikoen arteko bidegurutze honetan ezin dugu kale egin, eta alea eta lastoa bereizten jakin behar dugu; hau da, bilatu behar dugun gutxieneko akordio politikoaren indarra eta aktiba daitezkeen herri sektoreen soslaia.

Begien bistakoak dira aukerak. Beraz, iritsi da eguna. Zerotik hiru milioira zuzen-zuzenean. Konponbidea nahi ez duten eragileek egingo dituzten hipotesiei kasu egin gabe, aurrera egitea geure esku dago. Sinatu, boza eman, indarrak bildu. Mende erdiko kapital politikoa daramagu soinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo